Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Ander Errasti

Erredakzioa 2022ko abu. 10a, 09:09

Udarekin batera, bueltan da herritarren doinu kutunen atala. Bigarren edizio honetan, Ander Errastiri gogoko dituen bost kanturen inguruan galdetu diogu.

Bost abesti hauek aukeratzeko garaian, nire bizitzako etapa ezberdinetan oinarritu naiz.

1- Benito Lertxundi: Oi ama Eukal Herri

Txikitako oroitzapenetara salto egiten dut abesti hau entzuten dudan bakoitzean. Nire etxekoek ohitura zuten abesti hau abestekoa familiako bazkari eta ospakizunetan. 
Ospakizunarekin, familiarekin, goxotasunarekin lotzen dut eta oso kuttuna dudan kanta da.

2.- Sorotan Bele: Zortzi orduko ekaitza

8-9 urte nitueneko beste oroitzapenetara eramaten nau Sorotan Bele taldearen abesti honek. Eskola kiroletara autobusean sartu eta Zarautzeko bidean makina bat aldiz abestutakoa naiz. Abesti guztiak buruz ikasi genituen!! Laguntasunarekin, talde-lanarekin, harremanekin, kirolarekin erlazionatzen dut abesti hau.

3.- Hemendik At!: Orain

"Orain da zure garaia" aldarrikapenakin berriz, gaztaroan bizitako egoera eta momentuek etortzen zaizkit burura. Bizitza esperimentatzeko gogoarekin, aurreneko parrandekin eta lagunekin harremanak sendotzeko momentuekin lotzen dut.

4.- Crystal Fighters: Plage

Bihotzean gordeta geratu zaidan abesti da Crystal Fightersen Plage kantua. Bizitzak eskaintzen duen opari ahaztezin horietako bat izan da. San Mamesen eskaini zuten kontzertuan abesti honi gure dantza eta mugimendua jarri genion. Izugarrizko festa izan zen. Nire dantza ibilbidearekin, bizitzak emandako aukerekin lotzen dut etapa hau.

5.- Zetak eta Erramun Martikorena: Itzulera

Azken hilabete hauetan behin eta berriz entzuten dudan abestia da, Zetak eta Erramun Martikorenak abesten dutena hain zuzen ere. Lehengoak eta oraingoak bat egiten dute. Folklorea eta modernoa elkarturik. Asko gustatzen zait fusio hori. Gaurkotasunarekin, euskararen bultzadarekin eta elkartasunarekin lotzen dudan abestia da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!