Karela kiroldegiko langileak "gustura" udalak zentroko lan hitzarmena izenpetzeko hartu duen konpromisoarekin

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abu. 2a, 09:14
Karela kiroldegia. (Aiora Larrañaga)

Karela kiroldegiko langileen ordezkariak jakinarazi du "denbora asko" daramatela udalarekin eta enpresarekin gaia lantzen, eta "aurrera pauso garrantzitsua" dela zentroko lan hitzarmena sortzea.

Karela kiroldegiko langileak gustura daude pasa den asteko udalbatzarrean Orioko Udalbatzak hartutako neurriekin. Izan ere, kiroldegiko langileek azken hamar urtetan ez dute eguneratzerik izan soldatetan, eta horren aurrean udalbatzak erabaki du zentroko lan hitzarmena izenpetzea, eta hori aintzat hartzea etorkizuneko kontratuetan. Horrek honako kostua izango luke: 2022an 118.342 eurokoa eta 2023an 143.062 eurokoa; urteko batez bestekoa, 130.702 euro, hain zuzen ere.

Karela kiroldegiko langileen ordezkari Pablo Irisok azaldu duenez, «denbora asko" daramate gai horrekin bueltaka. «Izan ere, gu udalak azpikontratatuta duen BPXport enpresako langileak gara. 2012tik izoztuta izan dugu soldata, indarrean zegoen lan hitzarmenaren iraunaldia amaitu zelako. Izurritearen aurretik hasi ginen zentroko lan hitzarmena sortzeko negoziatzen udalarekin eta enpresarekin, baina koronabirusak eten egin zuen prozesua». Horren aurrean, 2020an udalbatzarrean landu zen gaia eta udalbatzak partida bat onartu zuen 2020an eta 2021ean kiroldegiko langileen soldatak egokitzeko, baina ez zuten sinatu lan hitzarmenik. «Horregatik, 2022an sartzearekin batera, berriz ere 2012ko soldatetara itzuli gara. Guretzat garrantzitsua da udalbatzak zentroko lan hitzarmena izenpetzeko konpromisoa hartzea, horrek gure eskubideak bermatzen dituelako», zehaztu du langileen ordezkariak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!