"Egin dudan lanaz harro eta pozik nago, maila profesionalean aurrerapauso handia izan baita"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abu. 2a, 16:16
Ainara Manterola Venezuelako jokalarien aurretik futbol zelaira sartzen. (Utzitakoa)

Ainara Manterola prestatzaile fisikoak uztailean zehar Amerikako Kopa nazioarteko txapelketa barrutik ezagutzeko eta bizitzeko aukera izan du. Bi hilabete Hego Amerikan pasa ostean, etxean da, eta bertan bizitako esperientzia izan du hizpide KARKARArekin.

Aurreko asteetan Amerikako Kopa futbol txapelketan izan zara, Venezuelako selekzioko prestatzaile gisa. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Uste dut bizitzan behin izaten den horietakoa izan dela, ahaztezina, bai profesionalki, bai pertsonalki. Nazioarte mailako txapelketa bat barrutik ezagutzea ikaragarria izan da. Asko gozatu dut, eta asko ikasi dut. Horrez gain, gogorra ere egin zait. Maila handiko txapelketa da, eta helburu jakin bat genuen: Munduko Txapelketarako txartela lortzea. Beraz, horrek exijentzia handia eskatzen du. Oso intentsua eta gogorra izan da. Bi hilabetez, burbuila batean sartuta egon gara, hoteletik entrenamendura eta entrenamendutik hotelera,  eta etengabe min hartuta zeuden jokalarien jarraipena egiten. Dinamika horretan bi hilabete aritzea gogorra egin zait baina, aldi berean, asko ikasi dut lantalde teknikoa osatzen duten gainontzeko profesionalengandik eta jokalariengandik. Kasu desberdinak ezagutzeko aukera izan dut, eta oso aberasgarria izan da.

Zer nabarmenduko zenuke txapelketatik?

Nabaritzen da emakumezkoen futbola goraka doala. Europako Txapelketa bukatu berria da hemen; Hego Amerika ez dago Europaren mailan, baina jokalari profesionalak daude, ekonomikoki dirua mugitzen hasi da, estadioetan jokatzen dira partidak eta zaleak partidak ikustera etortzen dira. Entrenamenduetarako baliabideak asko hobetu dira, eta uste dut neu jokalaria nintzen garaitik koska bat aurrera egin duela emakumeen futbolak. Aldi berean, bi hilabete hauetan bizitakoak gogorarazi dit errendimenduko kirolak baduela alderdi hotz eta gogorra ere, emaitzak askotan pertsonen aurretik jartzen baitira.

Txapelketa prestatzen denbora daramazue. Nolakoa izan da prestaketa?

Urtebete daramagu txapelketa prestatzen. Ni irailean sartu nintzen taldean. FIFA datetan ligek etenaldia egiten dute, eta selekzioak biltzeko aprobetxatzen da. Etenaldi horiek zeuden bakoitzean juntatzen genuen selekzioa Amerikako txapelketa prestatzeko eta hainbat eratako partida jokatzeko. Hala, ia Hego Amerika guztia zeharkatu dugu azken urtean. Lan asko egin behar izaten da bilgune horietan: asko entrenatu, teknikoki, taktikoki eta fisikoki prestatzeko. Urte guztiko lana izan da, eta uztailaren 8an eman genion hasiera Amerikako txapelketari. Guk ekainaren hasieran bildu genuen taldea, eta hilabete bateko aurredenboraldia egin genuen: egunero-egunero entrenatzen genuen Amerikako Kopara sasoi betean iristeko.

Oro har, taldea ondo topatu nuen, baina zaila izan da prestaketa lana. Izan ere, Venezuelan ez dago liga profesionalik, eta selekzioko jokalariek munduko hainbat ligatan jokatzen dute: Mexikon, Brasilen, Espainian... Eta Kroazian ere badago bateren bat. Herrialde bakoitzak zehazten ditu futbol denboraldiaren datak; horregatik, ekainean bildu ginenean, une desberdinetan zeuden jokalariak: batzuk liga jokatzen hasi berriak ziren eta beste batzuek, berriz, orduantxe bukatu zuten eta nekatuta zeuden. Horrez gain, baziren oporretan zeudenak ere. Hori egin zitzaidan zailena: prestaketa egoera desberdinetara egokitzea.

Taldearekin egindako prestaketak emaitzak eman al ditu?
Helburua zen Munduko Txapelketa jokatzeko sailkatzea, baina ez dugu lortu. Beraz, gogorra izan da. Lortu duguna da garapen bidean dagoen herrialde batean emakumezkoen futbol selekzio lehiakorra sortzea, Hego Amerikako beste herrialdeetako selekzioen aurka duintasunez lehiatzeko gai den selekzioa, alegia. Oso talde gaztea da, eta hobekuntza nabarmena izan du azken urtean. Hala, lortu dugu Venezuela lehen aldiz Amerikako Kopako bigarren txandara sailkatzea. Bide bat hasi dugu, eta horrela jarraituz gero, uste dut emaitzak iritsiko direla.

Profesionalki, garrantzitsua izango zen zuretzat nazioarteko txapelketa batean prestatzaile gisa aritzea.
Egin dudan lanaz harro eta pozik nago, maila profesionalean aurrerapauso handia izan baita. Talde garrantzitsuetan dabiltzan jokalariekin lan egitea eta lantalde teknikoko profesionalekin elkarlanean aritzea oso aberasgarria izan da, eta aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Gainera, nazioarte mailako txapelketa batean parte hartzea handia izateaz gain, uste dut beste herrialde batekin parte hartzea are aberasgarriagoa izan dela, beste kontinente bat, bertako kulturak, bizimoduak eta futbola ezagutzeko aukera eman didalako. Adibidez, Brasil futbolean erreferentea da, eta bertako lantaldearekin harremana izatea sekulakoa izan da niretzat.

Bertan zeuden profesionalengandik eta kirolariengandik zer ikasi duzu?
Beste profesionalengandik asko ikasi dut, ez bakarrik arlo teknikoan, baita harremanetan eta presio handiarekin lan egiten ere. 24 orduz elkarlanean aritu naiz fisioterapeuta, traumatologo, zirujau eta entrenatzaile teknikoekin. Bi hilabetetan etengabe kasu desberdinak aztertzen aritu gara, eta esperientzia ahal nuen gehien aprobetxatzen saiatu naiz, ez delako egunero izaten traumatologo batekin elkarlanean, kasuen jarraipena egiteko aukera, ezta belauneko lesio baten progresioa 24 orduz aztertzeko aukera ere. Era berean, gogorra eta intentsua ere izan da, ez dugulako izan deskonektatzeko aukerarik. Etxean utzitakoa baloratzeko aukera ere eman dit, baina banekienez epe jakin baterako izango zela, beraz, profesionalki hazteko aprobetxatu dut denbora.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!