Eguraldi aldaketak baldintzatutako estropadan zortzigarren izan da Orio-Orialki

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 13a, 20:35
Orio-Orialki Getariako estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Eguraldi aldaketa izan da Ondarroan Eusko Label ligako estropadako lehen txanda eta hurrengo bien artean, eta etxeko traineruak irabazi du estropada.

Eguraldi aldaketa batek dena baldintzatu dezake arraun munduan; lehen txandan atera den ontzi batek bandera irabaztea bera ere bai. Hala gertatu da gaur arratsaldean Ondarroako uretan jokatutako XXXVIII Ondarroako Bandera-Cikautxo SN estropadan. Lehen txanda amaitu ondoren eguraldiak aldaketa izan du, eta ondorengo bietan aritu diren ontziek ezin izan dute lehenengokoen denborak hobetu.

Ohorezko txandan aritu da Orio-Orialki, Urdaibai, Donostiarra eta Hondarribiarekin batera. Estatxara hurreratu direnean bazekiten arraunerako baldintzak ez zirela lehenengo txandako berberak. Bigarrengoan aritu diren lau eskifaiak ez dira gai izan, ustez, beraiek baino ahulagoak diren ontzien denborak hobetzeko. Hala gertatu da hirugarrengoan ere: ligako oilarrek ezin izan dute sailkapeneko beheko postuetan dauden klubek baino denbora hobeagoak egin.

Oriok bigarren denbora onena egin du lehen ziabogan, baina bueltako luzean, bigarrengoan, atzean geratu da, eta bere txandako laugarren postuan jarraitu du estropada osoan zehar. Urdaibaiek irabazi du txanda, Hondarribiaren, Donostiarraren eta Orioren aurretik. 

Bandera, baina, etxean geratu da, Ondarroan, Antiguako Amak irabazi duelako gaurko estropada, lehen txandatik aterata. Lehen txandan aritu den Cabo izan da gaurko hitzorduan bigarren. Orio, sailkapen orokorrean, zortzigarren izan da.

Hemen ikus daitezke gaurko estropadak eman dituen denborak. 

Sailkapen orokorrean, ligako hamahiru estropada jokatuta, laugarren da Orio-Orialki 120 punturekin. 

Bihar izango dute ligako hamalaugarren hitzordua. Kantabrian izango da, Castro Urdialesen jokatuko den X. Caixabank bandera, hain zuzen. 12:13an hasiko da lehia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!