Bi gizon atxilotu dituzte Orion bi pertsonari arma zuriarekin erasotzeagatik

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 14a, 13:29

Zaurituetako bat ospitaleratu egin zuten atzo, egoera larrian zegoelako. Goizaldeko 01:15 aldera pasatu zioten Ertzaintzari borroka baten ondorioz zaurituak zeudenaren abisua. 

26 eta 32 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, bart Orion izandako eraso batekin ustez zerikusia izateagatik. Bi lagunak ospitalera eraman zituzten arma zuriekin egindako erasoaren ondorioz, eta horietako bat larri zaurituta zegoen. Goizaldeko 01:15 aldera jakinarazi zioten Ertzaintzari Orioko taberna baten inguruan bi gizonezko zauritu zituztela, borroka batean. 

Ertzaintza eta osasun zerbitzuak joan ziren lekura, eta artatu zituzten pertsonak anbulantzian eraman zituzten Donostiako Ospitalera. Bati alta eman diote, eta bestea, zauri larriak zituenez, ospitaleratu egin zuten. 

Polizia dotazioek lekuan bertan bildutako informazioaren arabera, bi gizonek eztabaida izan zuten zaurituetako batekin eta arma zuri batekin eraso zioten. Bigarren biktima, dirudienez, eztabaidan bakeak egiten saiatu zen, eta besoan ebaki bat egin zioten. Bi inplikatuek alde egin zuten lekutik erasoaren ondoren, eta Ertzaintzaren ikerketen ondorioz, laster aurkitu eta atxilotu dituzte ustezko erasotzaileak. 

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertatutakoa argitzeko, eta atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte polizia eginbideak amaitu ondoren. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!