"Gure arraun egiteko erari eustea izan da arrakastaren gakoa"

Julen Etxeberria / Berria 2022ko abu. 17a, 16:00

Nadeth Agirre. (Utzitakoa)

Oriok hirugarrenez irabazi du Euskotren liga, baita Nadeth Agirrek ere. Baina gehiago nahi dute. "Zarautzen irabazi nahi dugu, lana biribiltzeko. Gero, Kontxan nagusitu nahi dugu". Atzo argitaratu zuen patroi oriotarrari egindako elkarrizketa Berria egunkariak. 

Ahotsa urratua du Nadeth Agirrek (Orio, Gipuzkoa, 1993). «Estropadan egindako oihuengatik da», zehaztu du laster. Izan ere, dioenez, «lasai» joan ziren herenegun hirugarren aldiz Euskotren liga irabazi izanaren ospakizunak. «Etxean bazkaldu genuen, eta, arratsaldean, ohiko ongietorria egin ziguten. Polita izan zen. Baina goiz oheratu ginen. Datorren astean dute asmoa herrian zerbait bereziagoa egiteko». Ez dute arreta galdu nahi. Zarauzko Ikurrina dute begiz joa (Gipuzkoa). «Irabazi egin nahi dugu, lana biribiltzeko».

Zer sentitzen da Euskotren liga irabazi osteko egunean?

Poza, koroa irabazi baitugu. Ilusio handia egin digu taldeko kide guztioi: batzuei, lehen aldia baitute; beste batzuei, berriz, aurrekoetan baino gehiagotan egin baitute arraun; eta niri, hirugarrena baitut [2019an eta 2020an irabazi zuen].

Iaz bigarren geratu izanak bereziago egin du?

Bai, iaz pena handia hartu baikenuen. Zarautzen irabazi genuen, baina Arraunentzat izan zen liga, bandera gehiago baitzituen. Kolpea izan zen. Hori dela eta, gogo handiagoarekin hartu dugu aurten liga irabazi izana.

Oso nagusi izan zarete: hamabi estropadetatik hamar irabazi dituzue; 11 banderetatik bakarrak egin dizue ihes; hain zuzen ere, aurrenekoak.

Nagusi izan gara. Hasieran, ez genekien zehazki zer tokitan egon gintezkeen. Bagenekien irabazteko lehian egon gintezkeela, baina zuhur izar behar genuen derrigorrez: aldaketa dezente izan ziren taldean, eta oinarria egiteko zegoen. Hori dela eta, lehen estropadetan gure tokia bilatzen ibili ginen. Pena izan zen lehen estropada irabazi ez izana, Bilbokoa, oso ondo ari baikinen entrenatzen. Hurrengo egunean, ordea, poz handia hartu genuen Donostian nagusituta. Galiziara joan ginen ondoren, eta, han, larunbateko estropada irabazi genuen, eta, abantaila horri esker, baita bandera ere [Arraun Lagunakek irabazi zuen igandean]. Asteburu horretan, argi geratu zitzaigun lehia estua izango genuela Arraunekin. Zorionez, hortik aurrera, balantza gure alde erori zen, eta irabazten hasi ginen. Hala ere, une oro oso argi izan dugu oinak lurrean izan behar genituela, eta Arraunek edozein momentutan aurrea har ziezagukeela.

Irakurri elkarrizketa osorik, Berria.eus atarian.