Ligako estropadarik garrantzitsuenerako prest

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 18a, 10:00

ZAEko arraunlariak, eta Jon Artola presidentea, Leire Arana Kirol zinegotzia, Xabier Txurruka alkatea eta Pedro Olmedillo TKEko ordezkaria atzo goizean, Zarauzko Ikurrinen aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko Ikurrina izango da jokoan asteburu honetan. Ohi bezala, bi jardunaldiko lehia izango da, eta test gisa hartuko dute traineruek, Kontxara begira. Orio Orialkiko neskek liga irabazita duten arren, ofizialki bertan jasoko dute garaikurra, igandean. Gizonezkoek, berriz, puntu garrantzitsuak dituzte jokoan oraindik.

Zarauzko Aste Nagusiaren erdi-erdian iragarri dituzte Zarauzko Estropadak Zarauzko Udaleko, Zarautz Arraun Elkarteko eta TKEko ordezkariek. Asteburu honetan izango dira jokoan gizonezkoen Zarauzko 45. Ikurrina eta emakumezkoen Zarauzko 14. Ikurrina. Hori gutxi ez, eta larunbat goizean KAE 1eko eta ETEko estropadak jokatuko dituzte, eta beraz, bertan ariko dira Orio Orialkiko hiru traineruak.

Kontxako estropadaren atarikotzat dute askok Zarauzko Ikurrina, eta aurtengo estropada aparta izango dela uste du Xabier Txurruka alkateak. Lege Zaharren Enparantzan jarriko dute gune ludikoa, eta bulego teknikoa udaletxean egongo da. Emakumeen eta gizonen sariak berdinak izango direla ere gaineratu du Txurrukak, estropadak Zarautzen "parekidetasunaren alde egiten dugun esfortzuaren isla" izan daitezen. Horrekin lotuta, alkateak argitu du azkenean traineruak Getariako portuan uretaratuko direla –argitzeke zegoen Aiatik edo Getariatik aterako ziren–. Dena den, datorren urtean Euskotren ligan lau traineru gehiago izango direla eta, litekeena da abiapuntuko lekua aldatzea. "Lehen esan dudan bezala, Zarauzko Udalak parekidetasunaren alde egiten duen esfortzu honekin bermatu nahi du datorren urtean ere emakumeek eta gizonek medio, espazio eta leku berdinak izatea. Hori ez bada posible Getarian, Aian bermatuko dugu", azaldu du Txurrukak.

Pedro Olmedillo TKEko ordezkariak eta Jon Artola Zarautz Arraun Elkarteko presidenteak eskerrak eman dizkie udalari antolakuntza lanengatik, eta azken horrek ere, Txurrukak bezala, herritarrak animatu ditu etxeko traineruak lehian ikusteko estropada eremura hurbiltzera. Gainera, aurreikuspenek itsaso "trinkoa" egongo dela diote. "Badirudi itsasoa izango dugula. Ipar mendebaldeko itsasoa sartuko dela dio parteak, periodo oso altuekin". Arraunlariek ez dute lan erraza izango, baina arraunzaleentzat, ikuskizuna ziurtatuta egongo da.

Orio Orialki ere Zarautzen

Orio Orialkiko hiru traineruak, nola ez, lehiatuko dira ondoko herriko estropadetan. Neskek gozatua hartzeko aukera izango dute, Euskotren liga matematikoki irabazi dutelako dagoeneko, baina garaikurra bertan jasoko dute igandean.

Gizonezkoek, berriz, puntu garrantzitsuak dituzte oraindik jokoan. Urdaibai da lider sailkapenean, baina hiru puntura dauka Hondarribia, eta bostera Donostiarra. Oriotarrak koska bat beherago daude, laugarren, baina postu hori ziurtatuta dute, bosgarren den Getariari 41 puntuko aldea aterata.

Dena den, denentzat dira estropada garrantzitsuak Kontxara begira; han bezala, bi jardunalditara jokatzen delako Zarauzko Ikurrina ere.