'Stardog & Turbocat' filma ikusteko aukera izango da datorren astean hondartzan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 18a, 11:22

Aire libreko zinema emanaldia adin guztietako ikusleentzat da aproposa, eta abuztuaren 26an, ostiralarekin, emango du udalak. Euskaraz izango da.

Orioko Udalak hainbat film emanaldi prestatu ditu uda honetan zinemaz aire zabalean gozatu ahal izateko, eta hurrengo hitzordua datorren astean izango da, abuztuaren 26an, ostiralarekin.

Stardog & Turbocat marrazki bizidunen film ezaguna ikusteko aukera egongo da; euskaraz izango da emanaldia. Izan ere, Zineuskadiren Zinema Euskaraz programari esker itzuli zuten filma euskarara 2020an.

Adin guztietako ikusleentzat aproposa da filma, eta 22:00etan hasiko da, hondartzan. Ordu eta erdi iraungo du.

Irailean azken emanaldia

Bestalde, udalak jakinarazi du irailaren 9an, ostiralarekin, izango dela denboraldi honetako aire zabaleko azken film emanaldia. Toki eta ordu berean izango da hitzordua.

Elfkinak filma emango dute, uztailean bertan behera geratu zena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!