Aurten baxurako hegaluzea irailean ere egongo dela aurreikusi dute

Hegaluzea.

Aurreko bi kanpainekin alderatuta, aurtengoa motelago doala jakinarazi du Itsas Etxea kofradiak, iaz garai honetarako kuota osoa arrantzatuta zegoelako, eta aurtengoan, berriz, %53ra aste honetan iritsi direlako. Dena den, aurtengo kuota ere inoiz baino handiagoa dela azaldu du kofradiak.

Arrantzaleak baxurako hegaluzearen kanpaina betean dira, eta dena ondo bidean, irailean ere jaki horretaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Hala jakinarazi du Itsas Etxea kofradiak aste honetan bertan.

Izan ere, "inoizko kuota handiena" dute aurten arrantzaleek –18.100 tona–, eta aurreko kanpainetan baino motelago ari dira arrantzatzen. "Iaz garai honetarako kuota beteta zegoen". Aurtengoan, berriz, kuotaren %53ra aste honetan iritsi dira Getaria, Hondarribia, Pasaia, Ondarroa eta Bermeoko lonjetan egindako azken salmentekin.

Baxurako arrantzaleak Kantauriko hainbat eremutan ari dira hegaluzea arrantzatzen, eta "flotaren zatirik handiena kostaldetik oso urrun ez dagoenez, marea motzagoak egin eta kalitate handiko arraina ekartzeko aukera dute", azaldu dute.

Kuota inoizko handiena izateak, berriz, esan nahi du "hegaluzearen stockaren osasuna ona dela". Gainera, "kontuan eduki behar da baxurako hegaluzearen arrantzak MSC iraunkortasun zigilua duela", nabarmendu dute.

Itsas Etxeak gogorarazi du baxurako hegaluzea, banan-banan arrantzatua, "erraz identifika" daitekeela arrandegietan Eusko Label etiketari esker. "Etiketa horrek produktuaren kalitatea bermatzen du, bai eta produktuaren trazabilitatea eta arrantzategien eta itsas baliabideen iraunkortasuna ere".

"Normaltasunetik gertuago"

Bestalde, "baxurako arrantzaleek diotenez, aurtengo kanpaina azken bi kanpainak (abuztuaren erdialdean itxi zirenak) baino gehiago hurbiltzen da hegaluzearen arrantzaldiaren normaltasunera, intentsitate gehiegikoak eta laburregiak izan baitziren aurrekoak", Itsas Etxearen arabera.

Kofradiak gaineratu duenez, hegaluzearen sarrera geldoagoak ahalbidetu du "batez beste azken kanpainetan baino prezio altuagoa lortzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!