Orio Orialkiko mutilak hirugarren izan dira Zarautzen estropada bikaina jokatuta

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 20a, 20:15
Orio Orialki, aurtengo denboraldiko estropada bat jokatzen.

Ohorezko txanda erlojuaren aurkakoa izan da baliza batekin arazoak izan direlako, eta Orio izan da azkarren ia denbora guztian. Azken luzean, baina, azkarragoak izan dira Urdaibai eta Hondarribia. Lehia bizi-bizia egon da hiruren artean.

Arazo teknikoak izan dira protagonista gaur arratsaldean Zarautzen jokatu den Eusko Label ligako jardunaldian. Estropada normal hasi da, baina bigarren txandan lehenengo kaleko baliza irentsi du itsasoak traineru batek jo ondoren, eta saiatu diren arren baliza berriz jartzen, azkenean, eta tirabira dezenteren ondoren, erlojuaren kontrakoa jokatu dute ohorezko txandako lau traineruek.

Orio Orialki izan da irteten aurrena, eta baita azkarrena ere ia estropada osoan zehar, Hondarribia eta Urdaibai baino denbora hobeak eginda. Dotore egin dute arraun oriotarrek, eta 20:43 denborarekin helmugaratu dira. Azken luzean, ordea, Urdaibaik hiru segundo kentzea lortu du, eta Hondarribiak ere aurrea hartu dio ehuneneko batzuengatik.

Garaipena eskura izan dute OAEko mutilek, baina azkenean, ezin izan dute ligako bigarren garaipena lortu. Dena den, bihar erabakiko da Zarauzko Banderako irabazlea, eta denborak ikusita, oriotarrek aukera ederra dute bandera etxeratzeko.

Gaurko sailkapena:

Sailkapen nagusia:

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!