"Orain arte bezala egiten badugu arraun, oso zaila izango dute Kontxan guri irabaztea"

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 25a, 10:10
Patxi Frances, aste honetan, Orio Arraunketa Elkarteko klubean. (Onintza Lete Arrieta)

Patxi Frances Orioko nesken lehen traineruko entrenatzailea baikorra da denboraldiko azken erronkari begira. Kontxako sailkapen estropadarako egun gutxi falta diren honetan, Kontxaz eta denboraldi osoaz aritu da solasean KARKARArekin.

Denboraldi aparta ari da izaten hau Patxi Frances (Orio, 1958) Orio Arraunketa Elkarteko nesken lehen taldeko entrenatzailearentzat. Iaz bigarren izan ziren ligan nahiz Kontxan, eta baja askoko taldea hartu ondoren, uste baino nagusitasun handiagoarekin irabazi dute liga, bi estropada ez beste guztiak bereganatuta, eta faborito nagusiak dira Kontxarako.

Liga amaitu berri da, eta ospatu duzuen arren, kontzentrazioa ezin da galdu Kontxa hementxe dagoelako.

Zarautzen, azken estropadan, helmugara iritsi orduko hasi nintzen ni hurrengo helburuan pentsatzen, Zarauzko helburua jada beteta zegoelako. Arraunlariek ordu batzuk izan zituzten pixka bat erlaxatzeko, baina neuri burua lanean ari zitzaidan datozen asteetan duguna dugulako. Kontxan pentsatu beharra dago.

Kanpotik begiratuta, erraz irabazi ditu Oriok ligako estropada gehienak. Horrek eragin dezake psikologikoki lasaiegi joatea Kontxara?

Ez. Talde oso-oso lehiakorra dugu. Arraunlariek egunero nahi dute hobetu, eta horrek ematen du bere emaitza. Garbi dudana da ez badugu irabazten, edo ez badugu irabazten orain arte irabazten ari garen aldearekin, hori izango dela Arraun Lagunak estutu egingo duelako estropada. Pentsatzen dut nola edo ahala bereziki prestatuko dutela Kontxako estropada, are gehiago ikusita nola joan zaien denboraldia. Guri gauzak zailtzeko talde ona dutela uste dut, eta hor egon daiteke diferentzia, baina ez gu erlaxatuko garelako. Hazten jarraitzen dugu guk. Hona etorri naiz urte batzuetako proiektuarekin, eta lehendabizikoa da hau. Beraz, dena doa in crescendo.

Tira, baina aurtengo emaitzak mantentzea ez da erraza izango...

Ez, irabaztea inoiz ez da izaten erraza, bakarrak irabazten baitu. Konplikatua da, baina momentu honetan talde oso lehiakorra dut, oso ikasle onak dira, lantalde bikaina dut... Horrek guztiak kontatu egiten du, batu egiten du. Arraun munduan 38 edo 39 urte daramatzat, eta motzen egin zaidan urtea izan da, denboraldiaurrea eta denboraldia kontuan hartuta.

Zergatik?

Bada, ilusioa duzulako, gogoa, gustura zaudelako eta dena oso erraz jartzen dizutelako arraunlariek eta ingurukoek.

Patxi Frances aste honetan klubean bere taldeko hainbat arraunlarirekin entrenamendu saioan. (Onintza Lete Arrieta)

Denboraldi hasieran zuhurragoak ginen denok, batetik iaz Arraun Lagunakek irabazi zituelako liga eta Kontxa, eta bestetik, Oriok baja eta aldaketa asko izan zituelako.

Realaren partida bat ikusten ari nintzen klubak deitu zidanean. Elkartu ginen, eta esan zidaten bizpahiru baja egongo zirela taldean. Gero, zortzi-bederatzi izan dira bajak, eta dena birplanteatu behar izan genuen. Pare bat arraunlariri geuk deitu genien, baina gainerakoek beraiek nahi izan dute proiektuan sartu, eta hori izan daiteke gure emaitzen arrazoietako bat: hemen jendea dago nahi duelako, eta aurten lortzen ari garen guztia da oso gogotsu daudelako denak eta denak ari direlako beren partea jartzen.

Entrenatzaile gisa, zailena zer ari da izaten zuretzat?

Zailena, zure bihotzeko klubera bueltatu, eta baja horiek aurkitzea, Arraun Lagunak bezalako talde bat edukita aurrean; jakinda haiek baja bakarra zutela eta lau fitxaje bazituztela, taldea hobetuta, beraz. Eta guk haiei aurre egin behar. Oriok dituen helburuak ditu, eta hasieran, zalantzak sortzen zaizkizu. Uretara zoazen lehen aldian, esaterako. Bederatzi arraunlari berri dira, eta bakoitza dator talde desberdin batetik eta arraun egiteko modu desberdin batekin. Zuk hori guztia elkartu eta egokitu egin behar duzu. Baina lehen esan bezala, neskak egunero denbora guztian zeuden nik esandakoari adi, eta pixkanaka joan gara xehetasunak markatzen eta hobetzen.

Beraientzat zer uste duzu zailena izan dela?

Ez dakit, beraiei galdetu beharko zenieke. Nik uste dut talde oso ona dela eta denak oso-oso gustura daudela, hori nabaritu egiten delako entrenamenduetan eta baita emaitzetan ere. Pentsatzen dut, Orion gelditu direnentzat beste erronka bat hastea izan dela eta beste ziklo batean sartzea; beheko mailetatik etorri direnak gosez etorri direla pentsatzen dut, talde irabazle batera igotzeko gogoz; eta etorri dira pare bat arraunlari dena irabazia zutenak baina denbora bat zeramatenak ezer irabazi gabe, eta gose horrekin zetozenak. Hiru kasu horiek elkartu dira.

Denboraldiaurrea eta denboraldia airean pasatu zaizkizula esan duzu, baina Kontxara arteko hiru aste hauek luzeak egingo dira, ezta?

Bai, badakizu, urduritasuna eta tentsioa gehitzen joaten dira, entrenamendu guztietan nahi duzulako ahalik ondoen egin eta beti ikusiko dituzulako kendu nahi dituzun gauza negatiboak. Ziur naiz hiru aste hauek pasatzen direnean, azkar pasatu direla irudituko zaidala; hori bai, egun bakoitza luze egiten da. Dena den, ilusioa aipatu behar dizut berriz ere: goizean lanean aritu naiz, eta erlojuari begira nengoen ea noiz iritsiko zen entrenatzeko ordua, gozatu egiten dudalako. Eta beraiek ere bai, eta horrela, dena errazago ateratzen da. Kontxa iristeko gogotsu gaude, baina ez zaigu luze egingo.

Orain irabazteko presioa sentituko duzue...

Orioren presioa. Argi dago, bai. Hasieran Arraun Lagunak zen faborito, eta orain presioa gure aldera pasatu da, baina denboraldian egindakoa aztertuta, uste dut guk beti egiten duguna egiten badugu, oso zaila izango dutela guri irabaztea.

Baikor zaude.

Bai, baikorra naiz.

Azken estropadara eta ondorengo errezibimendu berezira salto eginez; Getariako moilan atera zinetenean zain zenituzten beste traineruetako arraunlariak, irabazleei txalo egiteko. Ondoren, errezibimenduan, nik behintzat faltan bota nituen zeuen klubeko gizonezko arraunlariak, keinu bera egiten.

Beraiek oraindik beren ligan daude, eta Zarauzko Estropadak ez dira Kontxakoak bezain garrantzitsuak, baina badira inportanteak eta denek nahi dute irabazi Zarautzen. Denboraldian helburu batzuk jartzen dira, eta horiek dira Gipuzkoaok eta Euskadiko txapelketak, zeure etxeko estropada, eta ondoren Zarautz eta Kontxa. Mutilak ohorezko txandan zeuden Zarautzen, larunbatean estropada ona egin zuten, eta uste dut denak siestan egongo zirela. Pentsa, etxera iristerako 16:00ak joko zizkieten, eta arratsaldea berehala pasatzen da. Baina horixe izan zen arrazoia, ez beste ezer. Nesken keinuari dagokionez, arraunlari guztiak dira lehiakorrak, baita Tolosaldekoak ere, ezagutzen ditut eta oso biziak dira. Baina, azken batean, kirolariak dira, eta kirolean irabazlea txalotzea da gizalegea. Moilan itxoin ziguten, pasilloa egin ziguten, eta eskertzen da.

Orioko gizonezkoen taldeak Zarautzen estropada ona jokatu zuela aipatu duzu. Denboraldia ere ona ari dira egiten...

Bai, duten taldea edukita, ez dut esaten hobea ala txarragoa, baina bai kopuruz justu dagoela, eta liga luzea izanda, gogorra da astero bi estropada jokatzea, desgaste handia da, eta aldaketa askorik ezin baduzu egin, nekea gehitzen joaten da eta beraz, uste dut ondo ari direla. Ohorezko txandan daude, bandera bat irabazi dute, eta nabarmentzekoa da egiten ari diren denboraldia.

Orion garrantzitsua da harrobia. Nola ikusten dituzu klubeko neska gazteak?

Orion, belaunaldien arteko erreleboa izan da inoiz hutsik egin ez duen elementua. Badira urte edo hamarkada batzuk errelebo gutxiagokoak, baina beti lan egiten da harrobiarekin, bai nesketan bai mutiletan, eta klubak inoiz ez du galdu perspektiba hori. OAE beti oinarritu da etxeko arraunlariengan eta etxekoak izan ez baina etxean egon nahi duten jokalariengan. Kadeteetan neska dezente ditugu, jubeniletan ez hainbeste, eta pare bat urte estu pasatu beharko ditugu agian. Baina kadeteetatik arraunlari eta neska onak datoz, eta espero dugu jarraituko dutela eta traineru handian lehiatuko dutela hemendik urte batzuetara.

Kontxara begira, Orioko afizioari zerbait esan nahi diozu?

Orioko afizioari ezin diot gehiago eskatu. Badakit gurekin daudela, beti egon dira. Arraunean egiten nuenean gurekin zeuden, eta gurekin egoten jarraitzen dute. Berdin du seigarren egiten ari bazara, edozein estropadatako kai muturrean ikusiko duzu elastiko horiren bat. Gainera, badakigu oriotarrentzat zer den Kontxa. Gu animatzen hantxe izango direla badakigu, eta hori arraunlari batentzat poz handia da eta baita bultzada ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!