"Ligako azken asteburu honetan, larunbateko estropada da garrantzitsua guretzat"

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 27a, 10:06
Jon Salsamendi, uretan, artxiboko irudian.

Helburuak eta estrategia argi ditu Jon Salsamendi OAEko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak. Ligan laugarren dira, eta hori ez da aldatuko azken bi estropaden emaitzengatik. Asteazkenean, ordea, hitzordu garrantzitsua dute Donostian, eta ez dute han hutsik egiterik nahi. Kontxaz eta ligaz aritu da solasean telefonoz KARKARArekin, ostiralean Galiziara bidean zihoanean.

Atzo, ostirala, 09:00etan abiatu zuten Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen lehen trainerukoek Galiziarako bidaia, Aresera. Jon Salsamendi (Orio, 1970) entrenatzaileak hemeretzi arraunlari eta patroia eraman ditu berekin, eta ohi bezala, klubeko ordezkari eta delegatuak ere joan dira autobus horretan. Trainerua eramateko atoia, berriz, Txanka eta Txabolak eraman dute. Salsamendi bidean zela harrapatu zuen KARKARAk azken estropadez, Kontxaz eta ligako denboraldiaz hitz egiteko.

Eusko Label ligako Aresko bandera gaur 18:13an jokatuko dute, eta Boirokoa, berriz, bihar 12:13an.

Zer animorekin zoazte Galiziara azken bi estropadak jokatzera?

Astebururo bezala, animoz tope goaz. Uda osoan ez dugu galdu, eta ez daukagu galtzeko ideiarik. Gu borrokatzeko gaude, ez gaude espekulatzeko.

Zarauzko Estropadetan, larunbatean irabazteko zorian izan zineten, eta horrek eragingo du aipatu duzun ilusioan, eta emango du indarra, ezta?

Bai, larunbatean azkenean gure txanda erlojupekoa izan zen, eta egun hartan aukera izan genuen, uda osoan ez bezala, ohorezko txandako aurkariekin behintzat baldintza berberetan jarduteko. Liga hasieran, Bilboko erlojupekoa ere guk irabazi genuen, eta Zarauzko erlojupekoan ere, denok kale beretik eginda, ez genuen irabazi, baina azken minutura arte aurretik ibili ginen, eta irabaztetik oso gertu. Uda osoan buruan darabilgun sentsazioa izan genuen berriz ere: udako emaitzek erakusten dutena baino askoz errendimendu hobea eman dugula eta sailkapenak erakusten duena baino maila hobea dugula –ligan laugarren gaudelako eta goikoengandik distantziara, gainera–.

Zer gertatu da, hortaz, zuen ustez?

Txanden arteko baldintza desberdinek eta kaleen artekoek ez dute gure alde jokatu uda osoan, eta egindako akatsak onartuta ere, beti buruan ibili dugu onenengandik zortzi segundo baino gutxiagoko diferentziarekin gabiltzala, halako diferentziarekin baldin bagabiltza behintzat, eta larunbatean erlojupekoan horixe gertatu zen. Nik uste dut ez dela kasualitatea ligan bi erlojupeko jokatu izana, bat ibaian eta bestea itsasoan, eta bietan irabazi edo irabaztetik oso gertu egon izana. Hori ez da kasualitatez lortzen. Ez dakit horrekin udarako gure teoria konfirmatzerik badagoen ala ez, segur aski ez, gure akatsak ere izan ditugulako, baina ligako emaitzek eta sailkapenak esaten dutena baino askoz-askoz gertuago gaude onenengandik edozein estropadetan.

Galizian amaituko da ia-ia liga. Zer itsaso dago emanda eta nolako estropadak aurreikusten dituzu?

Printzipioz bi estropada desberdin izango dira: larunbatean Aresko estropadarako haize oso gogorra aurreikusita dago –estropada iristean ikusiko dugu nola dagoen–, ez dago olatu handirik, baina haizearen eragina oso-oso gogorra izango da, batez ere kontuan izanda barrurako luzeetan haizea kontra izango dela. Asko gogortuko da estropada hori. Igandean, nahi ez izanda ere, hurrengo asteazkeneko estropada hori [Kontxarako sailkapena] guk behintzat buruan darabilgu. Aurten, gainera, handicap handia izango dugu, sailkapen estropada hori normalean baino 24 ordu lehenago egingo delako, eta beraz, denbora gutxiago edukiko dugulako errekuperatzeko. Beraz, ez gara ari igandeko estropadan pentsatzen.

Estrategia da, hortaz, indarrak gordetzea Kontxako Banderako sailkapen estropada horretarako.

Bai, larunbatean ikusten dugunarekin, gertatzen denarekin eta igandean mutilek erakusten duten errekuperazio mailarekin, erabakiko dugu. Hemeretzi arraunlarirekin etorri gara Galiziara, eta iganderako ez dut ezer baztertzen. Taldea errepika dezakegu, edo sei aldaketa egin; Orio B-k aurreko asteburuan amaitu zuen liga, eta taldeko bi arraunlari ekarri ditut. Larunbateko estropadari helduko diogu orain, eta gero gerokoak. Pentsatu behar da Eusko Label ligakook, asteburu honetan, bidaiatzeaz gain bi estropada jokatu behar ditugula, eta hiru egunetara sailkapen estropada dugula. Kristoren konpromisoa izango da, urtero bezala.

Nola ikusten duzu Kontxako Bandera?

Beti pentsatzen dugu goian gabiltzanontzat Kontxako Banderarako sailkapena lortuta dagoela, baina sailkapena uretan lortu behar da, eta ez naiz ahazten iaz gertatu zitzaigunaz: Galiziatik gastroenteritisak jota bueltatu ziren gure sei arraunlari, eta astelehenean entrenamendua bertan behera utzi behar izan genuen. Asteartean, nola ahala zerbait egin genuen, eta asteazkenean hobeto pixka bat... Ostegunean sailkapen estropada hura salbatu genuen, baina beldur handiarekin. Beraz, Kontxari begira asteazkeneko sailkapen hori bakarrik daukat buruan. Beste guztia asteazken gauetik aurrera pentsatuko dugu, sailkatzen bagara, behintzat.

Pausoz pauso, hortaz.

Erabat, zeren tramite hutsa dirudien horrek beneno-tranpa handia dauka, eta ea nola itzultzen garen Galiziatik. Bi egun bakarrik izango ditugu estropada hori prestatzeko, eta konpromiso handia da. Aurrena hori pasatu beharko dugu, eta ondoren hitz egingo dugu beste guztiaz.

Zerbait azpimarratzeko edo nabarmentzeko?

Uda nahiko gogor doa, baina gu oso ilusionatuta gaude uda bukaerara arte, eta taldea, zentzu horretan, buruz oso indartsu dago. Afizio osoari, berriz, esan nahi diot ea asteazkenean Donostia aldean hori kolore asko ikusten dugun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!