"Bagenituen gure zalantzak: gogoratuko al dira gutaz? Eta, begira zer erantzun jaso dugun"

Onintza Lete Arrieta 2022ko ira. 1a, 10:20

Iker Galartza, iaz, zirkuko karparen aurrean.

Abuztu osoa pasatu du Gure Zirkuak Muntoko zelaian, eta aste honetan eskainiko ditu azken lau saioak, ostegunetik igandera. Iker Galartzak egonaldiaren balorazioa egin du, eta beste behin "oso pozik" egon direla azaldu du.

Gure Zirkuko Iker Galartzak Orioko aurtengo egonaldiaren balorazio "oso ona" egin du. "Oso pozik gaude. Izan ere, aurreko urteetan pandemia garaia zen, egoera berezia zen eta jendeak ezin zuen oso urrutira joan oporretara, eta aurtengorako bagenituen gure zalantzak. Uda bete-betea izanda, jendea oporretara joanda... Gogoratuko ote ziren gutaz? Eta, begira zer erantzun izan duen".

Datu zehatzik ez du esku artean, baina "emanaldi ia guztiak bete" direla azaldu du Orioko egonaldia amaitzear denean. Azken lau saioak geratzen zaizkie, ostegunetik igandera iluntzero eskainiko dituztenak."Pena handiarekin joango gara Oriotik, baina itzultzeko asmoarekin ere bai. Herri oso-osoari eskerrak eman nahi dizkiogu".

Galartzak azpimarratu du toki askotatik etorri direla Oriora zirkuaz gozatzeko. Euskaraz ez dakiten kanpotar bat baino gehiago ere animatu da ikuskizunera. "Kanpinera etortzen dira, zirkuaren karpa ikusten dute, eta berdin die zer hizkuntzatan den; badakite zirkua familia osoarentzat den moduan, herrialde guztientzakoa dela, eta ondo pasatzen dute; very good, esaten digute".

Emanaldien amaieran beti gelditzen dira karpa aurrean umeekin argazkiak ateratzeko eta ikusleak agurtzeko, eta feedback ona jasotzen ari direla esan du Galartzak: "Zoriondu egiten gaituzte, eskerrak eman... Badakite ez dela erraza", adierazi du. Izan ere, Galartzak azpimarratu du beste herrialdeetan lau urte pasatu ditzaketela zirkuek ikuskizun berarekin, Frantzian barna edo Espainian zehar, "baina Euskal Herriak eta euskarak ematen dute ematen dutenerako, eta saiatzen gara ikuskizunean aldaketak egiten maiz, jendeak errepikatu egiten duelako. Jendeak eskertu egiten du gure ahalegin hori".

Hartu eta eman

Aurten, Muntoko zelaian komun publikoak jarriak zituen udalak zirkua iritsi aurretik, eta tokiarekin eta udalarekiko harremanarekin oso gustura agertu da Gure Zirkuko arduraduna. "Tokia zoragarria da, eta udalak gurekin duen jarrera bikaina ez, super bikaina da. Esan ziguten toki horretan komunak behar zirela, eta beraz, zirkua etorri aurretik jarriko zituztela, guretzako ere erosoago izateko. Hartu eman oso ona egin dugu udalarekin. Guri herriak hainbeste ematen digu...".

Udalarekin ez ezik, herritarrekin ere oso pozik daude. "Herritarrek ondo hartzen gaituzte, hitz politak izaten dituzte guretzat, zortea opatzen digute, dendetan beti galdetzen digute zer moduz ari garen... Konturatzen gara jendeak gustura hartzen gaituela. Oraindik jendea ez da gurekin aspertu, eta hala den bitartean, pozik berriz Oriora etortzeko".

Zirku ikuskizuna ez ezik, karpa aprobetxatzen dute musika kontzertuak edo bestelako kultur emanaldiak egiteko –Gozategiren kontzertua edo Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa saioa, kasu–. Aurten, Txurrumuskiren udalekuetako haurrak eduki dituzte aurreneko astean, eta tailerrak egin zituzten beraiekin. "Zirkua ez da bakarrik gure emanaldia, eta oso gustura egiten ditugu".

Zirku eskola, laster martxan

Uda parteko proiektua da zirkua. Udazken-negukoa, berriz, Tolosan duten zirku eskola. Urrian hasiko dituzte tailerrak, eta laster zabalduko dute izena emateko epea, eta Gabonetan tailer intentsiboak eskainiko dituzte.

Proiektu horrekin ere "oso gustura" da Galartza. "Gauza batek bestea ekartzen du azkenean, afizioa sortzen du zirkua ikusteak".

Tailerretan parte hartzeko, umeek 5-6 urte behintzat edukitzea komeni dela azaldu du artistak. "Indar pixka bat behar da gure tailerretan gozatu ahal izateko. Bestela, haurrarentzat frustragarria da besteak hau eta hori egiten ikustea eta norberak ezin egin ahal izatea indar faltagatik".