"18 urte egin baino lehen 200 kiloko harria jaso nahi dut, gutxik lortu dutelako"

Barren.eus 2022ko ira. 10a, 11:15

Imanol Royo 'Lartain' Belaustegi harria altxatzen sanbartolomeetako Baserritarren Egunean jokatu zuten harri-jasotze txapelketan. (Barren)

Zortzi harri-jasotzaile lehiatu ziren Baserritarren Egunean jokatu zuten Mintxeta Memoriala: sanbartolomeetako harri-jasotze txapelketan. Mintxeta (124,6 kilo) eta Belaustegi (145,4 kilo) harri irregularrekin jokatu zuten txapelketa, eta Jokin Eizmendik irabazi zuen, 30 altxaldi emanda. Barren.eus atariak parte-hartzaile gazteena elkarrizketatu du: Imanol Royo Lartain, Joseba Ostolazaren eskolako kidea.

Zarauztarra izan arren, lotura berezia duzu Elgoibarrekin. Kontaguzu.
Bai. Amaren partetik ditudan senide guztiak Elgoibarkoak dira. Horregatik berezia izan da Elgoibarko plazan harri jasotzen aritzea. Poza ematen du nire familia ezagutzen dutenen aurrean aritzeak edo nik bistaz bada ere ezagutzen ditudanen aurrean aritzeak.

Zure amak jakinarazi digu ez zarela familiako lehen harri-jasotzailea. Zure birraitona –Lartain– ere, harri jasotzen ibili omen zen.
Aitortu behar dut ezer gutxi dakidala birraitona harri-jasotzaileaz, aspaldiko kontuak baitira. Pare bat argazki ikusi ditut bereak, badakit apustu batzuk egin zituela harri jasotzen, baina... kitto!. Betidanik jakin izan dut harri jasotzen ibilitakoa zela, baina oraintsu arte ez dudanez izan bere pausoak jarraitzeko asmorik...

17 urte besterik ez dituzu. Noiztik zabiltza harri jasotzen?
Oraintxe beteko da urtebete hasi nintzenetik. Saskibaloian eta judoan ibiltzen nintzen lehen, baina belauneko lesio bategatik laga nituen bi kirol horiek. Momentuz lesio horrek ez dit eragin harria jasotzerakoan, eta ibili ahala gehiago gustatzen ari zait kirol hau. Gure artean daukagun giro onak asko laguntzen du. Horrek ez dauka preziorik. Gainera, esan daiteke Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarragatik hasi nintzela harri jasotzen. Haren ibilbidea jarraitzen hasi nintzen, egiten zituen txapelketak-eta jarraitzen, eta ezaguna nuenez, ia berarekin saioren batean parte hartu ahal nuen galdetu nion. Eraman ninduen, eta oso gustura aritu nintzenez, nik ere hastea erabaki nuen. Eizmendi izan zen eta da nire erreferentea. Haren bitartez heldu nintzen Joseba Ostolaza Harri Eskolara ere, bera ere eskolako kidea baita.