“Uretan demostratuko dugu demostratu beharreko guztia"

Uxue Rey Gorraiz/Nafarroako Hitza 2022ko ira. 10a, 14:30

Uxue Urra arraunlaria. (Onintza Lete Arrieta)

Oriok irabazi du Euskotren liga aurten, hirugarrenez. Sasoi ederra egiten ari dira arraunlariak, eta are gogoangarriago bihurtzea dute asteburuan: Kontxako Bandera da jokoan. Uxue Urra gogotsu dago, «amets betean».

Itsasoa zakarren den egunetan ere, azkenaldian nekez moteltzen dira Uxue Urraren (Iruñea, 2000) arraunkadak. Orio taldean (Gipuzkoa) dabil urte honetan —denboraldi garaian Donostian bizi da—, eta emaitza bikainak lortzen ari da. Euskotren liga irabazi dute: hirugarrenez Oriok, lehenbiziko aldiz Urrak. Orain, faborito dira Kontxako Banderan. Igandean lehiatuko dira, Donostian.

Sasoi ederra ari zarete egiten Orion: zuek garaile Euskotren Ligan. Nola bizi izan zenuen?

Egia esan, iruditzen zait oraindik ez naizela kontziente. Jende askok zoriontzen nau, baina ez naiz guztiz ohartzen. Amestu ere ez nuen egiten horrelakorik, sekula. Euskotren liga bat irabaztea eta, horrez gainera, orain igual Kontxako Bandera irabazteko aukera izatea amets bat da edozein arraunlarirentzat. Niretzat, hori iritsezina zen erabat.

Hibaikan zinela jaso zenuen Orioren deia, haiekin aritzeko. Zer sentitu zenuen?

Orioko lagun batek esan zidan lehenbizi, zeharka, bazutela interesa nigan, eta pentsa nola jarri nintzen. Gainera, oso urduria naiz. Hasieran, nik oso-oso argi nuen Hibaikan segitu nahi nuela, oso gustura bainengoen han. Nire barruan zerbaitek esaten zidan ezetz, ez joateko Oriora. Baina, gero, hitz egin nuen hurbilekoekin, familiarekin eta arrauneko lagunekin, eta esplikatu zidaten hobe nuela aukera aprobetxatu. Baietz esan nuen azkenean. Beldurrez, baina baietz.

Zeri zenion beldurra?

Gehien beldurtzen ninduena zen ez jakitea iritsiko ote nintzen behar adinako maila izatera. Oso langilea naiz, gogoz saiatuko nintzela banekien, horrek ez ninduen kezkatzen, baina exijentzia maila ez da bera talde batean eta bestean, eta, nolabait, Oriora joateak ezinbestean ateraraziko ninduen nire konfort zonatik.

Euskotren liga amaitu, eta segituan murgildu zineten Kontxako Banderan. Nola ikusten duzu taldea? Eta zeure burua?

Uste dut taldea oso indartsu dagoela. Joan den urtean eskapu egin ziguten bai Kontxak eta bai ligak. Orain, entrenatzaile berriak oso argi azaldu digu zer nahi duen eta zer behar dugun irabazteko.

2,16 segundoren aldea duzue Arraun Lagunak-ekin, zuen alde.

Tartea txikia da berez, eta, gainera, kontuan izanda olatu handiak iragarri dituztela iganderako, bi segundo horiek are gutxiago dira, argi eta garbi.

Halere, mentalki, garaipen hori zer neurritan zaizue lagungarri datorren jardunaldiari aurre egiteko? Irabazi ez bazenute, zer?

Uste dut asko eragiten duela. Kasu honetan, bai Arraun Lagunak eta bai Orio, biak aterako gara lehiara hutsetik hasiko bagina bezala, estropada txikitzera. Halere, egia da aurreko igandekoa irabazi izanak behintzat sentiarazten dizula pixka bat aurreragotik ari zarela. Haiei bestela gertatuko zaie: gogoz aterako dira, tartean ditugun bi segundo horiek ahalik lasterren jateko. Ikusiko da.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: nafarroa.hitza.eus