Orio Orialki seigarren sailkatu da gaur Bermeoko estropadan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko ira. 17a, 20:05
Orio Orialki trainerua Boiroko estropadan. Artxiboko argazkia. (TKE/Aitor Arrizabalaga)

Bandera irabazteko lehia estua jokatu dute Hondarribiak eta Urdaibaik, baina azkenean Bidasoako taldearentzat izan da garaipena.

Gaur, Eusko Label Ligako jardunaldia jokatu da Bermeon, ligako azken aurrekoa, hain zuzen ere. Lehenengo play-offak jokatu dira, eta ondoren beste bi txanda izan dira. Orio Orialkik ohorezko txandan egin du arraunean, baina ez bere estropadarik onena izan. Hasieratik, atzean geratu dira oriotarrak, eta ibilbidean zehar segundoak galtzen joan dira. Azkenean, sailkapen nagusian seigarren postuan sailkatu da taldea, 21:14,02 denbora eginda, lehen txandan aritu diren Zierbenak eta Getariak denbora hobea egin baitute gaurko jardunaldian.

Bandera irabazteko lehian Hondarribia eta Urdaibai izan dira protagonistak, eta azkenean garaipena Bidasoako taldearentzat izan bada ere, norgehiagoka estua izan da azken unera arte. Hain zuzen ere, azken luzean, bi ontziak elkarrengandik oso gertu egon dira, baina epailearen ontzia barruraino sartu da arraunen arteko talka eragozteko, eta lortu du patroiek norabidea aldatzea.

Bihar, ligako azken jardunaldia izango da Portugaleten. Erlojupeko estropada izango da eta El Corte Ingles Bandera izango da jokoan.

GAURKO ESTROPADAKO SAILKAPENA

1.- Hondarribia 20:27,32
2.- Urdaibai 20:33,20
3.- Donostiarra 20:49.34
4.- Zierbena 21:01,76
5.- Getaria 21:13,80
6.- Orio-Orialki 21:14,02
7.- Cabo 21:22,16
8.- Kaiku 21:32,44

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!