Jon Salsamendiren eta Nadeth Agirreren balorazioak denboraldi amaieran

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko ira. 19a, 13:39
Jon Salsamendi eta Nadeth Agirre Kontxako Estropadetako bigarren jardunaldian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Atzo jokatu zen Eusko Label Ligako azken jardunaldia, eta horrekin batera 2022ko traineru estropadak bukatu dira. Hala, gizonen taldeko entrenatzaile Jon Salsamendiri eta emakumeen taldeko patroi Nadeth Agirreri denboraldiko balorazioa egiteko eskatu die KARKARAk, aurtengo denboraldia ixteko.

Jon Salsamendi, gizonezkoen taldeko entrenatzailea: "Lehiatzeko orduan ez dugu lortzen plaza gizon izatea"

Bete al dituzue aurtengo denboraldirako jarri zenituzten helburuak?
Helburu objektibotzat ohorezko txandako talde izatea jarri genion geure buruari. Eta hori ondo bete dugu. Lehen jardunaldia irabazita, gehiago nahi genuen, baina hori ez dugu lortu. Dena dela, orokorrean, bete beharrekoak ondo bete ditugula iruditzen zait.

Zertan ibili zarete finen eta zertan traketsen?
Finen, lanerako konpromisoan, eta traketsen, berriz, uste dut lehiatzeko orduan ez dugula lortzen "plaza gizon" izatea.

Eta hurrengo urterako zer asmo dituzue?
Lehendabizi atseden hartu behar dugu. Mutilek merezi dute, eta nik nahi eta nahi ez deskantsua hartzeko beharra dut. Gero, nire asmoa izango da, noski, proiektua erakargarri bat eskaintzea arraunlariei, eta aurtengoa hobetzea.

 

Nadeth Agirre, emakumezkoen taldeko patroia: "Udan asko gozatu dugu arraunean"
Bete al dituzue aurtengo denboraldirako jarri zenituzten helburuak?
Aurtengo helburuak bete ditugu. Azaroaren denboraldi hasierako bilera egiteko elkartu ginenean, egoera berri batekin topatu ginen, arraunlari berri asko genituelako taldean. Argi genuen lan handia genuela aurretik, eta neguan ordu asko pasa beharko genituela uretan blokea sortzeko. Bestalde, talde indartsua genuela ere bagenekien, eta hasiera horretan banderak lortzeko lehian izatea markatu genuen helburutzat. Hori lortzeko urte guztian zehar gure leloa beti izan da "lana-lana eta lana", eta aurre denboraldi oso ona egin genuen. Hala, uda gerturatzen ari zen heinean, ohartu ginen Liga eta Kontxako Bandera irabaztea helburutzat markatu genitzakeela, eta horiek lortzera joan gara.
 
Zertan ibili zarete finen eta zertan traketsen?
Entrenamendu bakoitzean saiatu gara gure lana ahal den ondoena egiten, eta estropadaz estropada joan gara gure arraunkera bilatzera. Lana eginez emaitza onak lortu ditugu. Orokorrean, udan asko gozatu dugu arraunean eta estropadek ikasteko aukera ere eman digute. Kontran, zerbait esatekoan, esan daiteke denboraldiko azken luzea, Kontxako bigarren jardunaldikoa, desastre egin genuela, eta ez genuela jakin egoerari bueltan ematen eta gure arraunkera bilatzen.
 
Eta hurrengo urterako zer asmo dituzue?
Denboraldia oso ona izan da; asko gozatu dugu arraunean, eta taldean giro paregabea dugu, bai arraunlarien artean, baita entrenatzaileekin eta elkarteko zuzendaritzarekin ere. Hortaz, aurrera jarraitzeko asmoa dugu. Kontxako Estropaden aurretik, Patxi Frantsesek, Rafa Gonzalez Txabarrik eta nik esan genuen datorren urtean jarraituko genuela, eta orokorrean gainontzeko arraunlariak ere aurrera egiteko gogoz daude. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!