Paradisua ihes-gela zabalduko dute bihar Orioko Iturriaga jauregian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko ira. 21a, 16:13
Paradisua ihes-gela Iturriaga jauregian. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

10 astez egongo da irekita ekimena, eta guztira 100 saio eskainiko dituzte. Taldeka parte hartzeko jarduera da, eta esperientzia bizi nahi dutenek Orioko Turismo Bulegoan edo Paradisua ihes-gelaren atarian hartu dezakete txanda. Doakoa izango da.

Bihartik azaroaren 30era bitartean, Paradisua ihes-gela pedagogiko izango da zabalik Orioko Iturriaga jauregian, oraintsu arte turismo bulegoa eta Donejakue Bidearen interpretazio zentroa zeuden eraikinean. Ekimena Sorginlore Gizarte Elkarteak eta Ikertze Kultur Elkarteak antolatu dute, eXperientziak elkartearekin eta Ana Orozko arte-zuzendariarekin elkarlanean; gainera, Orioko Udalarekin batera osatu dute proiektua, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin.

Asteazkenetik ostiralera, arratsaldez, eta larunbatetan, egun osoan zehar izango da zabalik ihes-gela, eta 2-5 lagun arteko taldetan egiteko moduko esperientzia dela nabarmendu dute antolatzaileek. "Uste dugu DBHtik gorako herritarrak beren kabuz etor daitezkeela, taldetan, eta gaztetxoek, berriz, esperientzia bizi dezakete familiarekin".

Sortzaileek ez dute ihes-gelaren gaia aurreratu nahi izan, baina herritarrak bertan parten hartzera animatu dituzte. "Segur aski, Paradisu ihes-gela ez da parte-hartzaileek espero duten hori izango, edo bai, nork daki. Argi dagoena da, oso ondo pasatuko dutela, eta ateratzerakoan, ateratzea lortzen badute, paradisu, leku, momentu, egoera horiek beren bizipenen artean geratuko direla".

Orion 100 saio eskainiko dituzte, eta parte hartu nahi dutenek Orioko Turismo Bulegoan edo Paradisua ihes-gela atarian hartu dezakete txanda. Ondoren, urtarriletik martxora, Beasainen egongo da zabalik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!