Eñaut Martik bere bakarkako aurreneko diskoa argitaratu du

Onintza Lete Arrieta 2022ko ira. 23a, 09:16
(Argazkia: Eñaut Martiren Instagram kontua)

Oriotarrak San Lou ezizenarekin aurkeztu du Love, love, love izeneko lana. Binilo formatua aukeratu du, eta sarean entzungai eta salgai dago.

Eñaut Marti musikari oriotarra Txinan bizi da, eta han ondu du bere bakarkako aurreneko diskoa: Love, love, love. Binilo formatuan egin du, eta dagoeneko entzungai eta salgai dago sarean.

Hamar abestik osatu dute diskoa; ingelesezko hitzak dituzte gehienek, baina bada euskarazko eta gaztelaniazko kanturik ere.

San Lou ezizenarekin argitaratu du lana, eta sare sozialetan pozik agertu da proiektu hori egiteko aukera izan duelako: "Askotan pentsatzen dut azkar mugitzen den mundu batean (eta gehiago 27 milioiko hiri batean) denbora gutxi hartzen dugula gauzak ospatzeko. Eta horregatik, ritualak eta ospakizunak geroz eta gehiago gustatzen zaizkit. Gaur, nire bakarkako proiektuarekin aurrenekoo biniloa atera da kalera eta kristoren ilusioa egiten dit txiki-txikitatik edukitako ametsak pausoz pauso betetzen joateak".

Musikariak baditu disko gehiago ere. 2020an, esaterako, Home: Revolution diskoa grabatu zuen bera partaide den Shanghai Qiutian musika taldeak.

Urte berean, bere proiektu pertsonaleko lehen bi abestiak eman zituen argitara, The guy on the third floor izenpean. Ingelesezko letrak dituzten Second Class eta Myself, I Also Battle with Myself abestiek osatutako bi kantuko EPa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!