PAPEREKOA

"Guk jaten ditugun elikagaien %75 erleek polinizatzen dituzte"

Idoia San Sebastian 2022ko urr. 6a, 10:50
Borja Gomez alabarekin. (Arnaitz Rubio Aprea)

Iraileko KARKARA aldizkarirako, Idoia San Sebastianek Borja Gomez erlezaina elkarrizketatu zuen. Orion bizi den zestoarrak, gaur egun, hemezortzi erlauntz zaintzen ditu: hamahiru bereak dira, eta beste bostak Iturraran parketxekoak. Horrez gain, erlezaintza ikastaroak ere ematen ditu.

Borja Gomez zestoarra da izatez, baina orain sei urte etorri zen Oriora bizitzera, Mila Zubizarreta bikotekidearekin eta Afrika alabarekin batera. Erlezaintzari buruz ezer ez zekien arren, naturarekiko lotura zuen jardueraren bati heldu nahi, eta hiru erlauntz erosi zituen Aian. Gaur egun, hemezortzi ditu.

Nolatan hasi zinen erlezain?

Duela sei urte murgildu nintzen mundu honetan, erabat ezjakin. Oriora bizitzera etorri behar nuen, eta naturarekin lotura zuen zerbait egin behar nuela erabaki nuen. Bizimodua beste era batera antolatu nahi nuen, alaba bat ere banuen eta, eta erleekin jolasean hasi nintzen. Hiru erlauntz erosi nituen, haiekin zer egin behar nuen jakin gabe. Harrezkero, erlezaintzari buruzko ikastaro batzuk egin ditut, eta dagoeneko sei urte daramatzat honetan.

Hasiera haietan, inori eskatu al zenion aholkurik?

Ramon Yeregiri hiru erlauntz erosi nizkion, eta hark esan zidan ikastaro bat egitea komeni zitzaidala. Udaberriko eta udazkeneko ikastaroak egin nituen, eta uneotan ni naiz ikastaro horietako maisu Zaldibiako elkartean. Guztira hamazazpi ikasle ditut, adin guztietakoak.

Zer erle mota dituzu?

Euskal Herrian, eta batez ere Gipuzkoan, bertako erlea zaindu ohi dugu, erle beltza esaten dioguna. Erle beltza Izotz Aroan sortu zen, Iberiar penintsulan. Iparraldetik jaitsi ziren erreginek hegoaldetik igotako erle afrikarrekin topo egin zuten, oso oldarkorrak azken horiek, eta bien hibridazioaren ondorioz sortu zen iberiar erlea edo erle beltza deitzen dioguna. Erle beltzaren ezaugarriak dira oso sendoa dela, gutxi gaixotzen da, eta oldarkortasun handia duela. Erle mota horrek urte asko daramatza gure artean, oso ondo egokitu da eta bertakotuta dago. Ekoizpenari dagokionez, berriz, kalitate oneko eztia ematen du.  

Non daukazu erlategia?

Erlategi bakarra daukat, eta Aiako Iturraran parketxean dago hori. Hamahiru erlauntz dauzkat han, baina zaindu, hemezortzi zaintzen ditut: hamahiru nireak eta beste bost parketxekoak bertakoak. Parketxeak eskolei eta herritarrei zuzendutako hainbat jarduera antolatzen ditu; tartean, baita erlezaintzarekin zerikusia dutenak ere. Horietan, besteak beste, hezitzaile baten gidaritzapean erlategira etortzen dira bisitariak, eta erlauntzak bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Hain zuzen ere, nire lana da erlauntz horiek txukun eta garbi mantentzea. 

Zer nolako eragina dute urtaroek erleen portaeran?

Erleen portaera edo funtzionatzeko era loraldiei erabat lotuta egoten da. Loraldia, Gipuzkoan, udaberrian hasten da. Martxoan indarra hartzen du, eta ekainera bitartean, erle kopurua handitu egiten da. Loraldia zenbat eta handiagoa izan, erle kopurua ere orduan eta handiagoa izango da. San Joan egunetik aurrera, berriz, erreginak ez du horrenbeste arrautza erruten, hibernazioa prestatzen hasten direlako. Dena dela, eta udaberrian baino gutxiago izan arren, erreginak arrautzak erruten jarraituko du, beti ere eguraldiaren arabera eta nektar sarrera baldin badago. Beraz, loraldia gorantz doanean, erreginaren arrautza erruteak ere gora egiten du; eta loraldiak behera egiten duenean, erreginaren arrautza errutea ere jaitsi egiten da. Azken finean, oreka bat sortzen da erleen funtzionamenduaren eta naturaren funtzionamenduaren artean. Neguan hibernazioan sartzen dira erleak, erreginaren errutea gelditu egiten da, eta udatik duten erreserbarekin elikatzen dira erleak. Gure betebeharra da lapurrak izatea; hain zuzen ere, guk eztia lapurtzen diegu erleei. Nik bospasei kilo uzten dizkiet negua igaro ahal izateko, kanpoko elikagairik gabe bizirik iraun ahal izateko. Horiexek izaten dira nire helburuak: batetik, eta oso zaila den arren, erle guztiek bizirik irautea; eta bestetik, posible bada, ezti pixka bat etxera eramatea. Etxean ezti asko kontsumitzen dugu: urtean berrogei kilo bikotekidea, alaba eta hiruron artean.

Erlauntzak edozein tokitan jar al daitezke, ala baldintza jakin batzuk bete behar izaten dituzte?

Erlauntza edozein tokitan jartzea ez da komeni izaten. Hegoaldera begira kokatzen saiatu behar gara, eta hego-ekialdera baldin bada, hobe; itzal pixka batekin, betiere. Aldiz, iparraldera begira ez dugu jarriko, hezetasuna, haizea eta hotza saihestu behar direlako. Kontuan izan behar da erlauntz baten barruko tenperaturak 35 gradukoa izan behar duela. Beraz, zenbat eta epelago mantendu erlauntza, orduan eta hobeto, bai lan egiteko, bai erleak jaiotzeko. Erleek udan beren zirkuitua eraikitzen dute, aire egokitua sortuz eta, bide batez, erlauntza hoztuz; horri kume ganbera deitzen zaio.  

Noiz eta nola jasotzen duzu eztia? Eta eztiaz gain, beste produkturik jasotzen edo ekoizten al duzu?

Urtean bitan jasotzen dut eztia: batetik, maiatzean, akazia denboraldian, udaberriko eztia; eta bestetik, abuztuan, gaztainondo denboraldian, udazkeneko eztia. Udaberrian oso zaila izaten da eztia jasotzea, erleek nektarra atera ahal izateko akaziak hemezortzi gradutan egon behar izaten duelako. Tenperatura egokia ez bada, nektarra ez da kalitatezkoa izaten. Aurten helburutzat nuen akazia eztia jasotzea, eta ustez, ondo ari nintzen. Neguan hasi nintzen erleak prestatzen. Ziur nengoen akazia denboraldia eta loraldia apirilaren erdialdera etorriko zirela. Aste Santuan eguraldi ona egin zuen, eta ondo, baina ondorengo astean euria gogotik egin zuen, eta lorea usteldu, nektarra galdu, eta eztia ateratzeko aukerarik gabe geratu nintzen. Beraz, azkenean, eztialdi bakarra lortuko dut. Gipuzkoan, oro har, eztialdi bakarra ateratzen dugu, eguraldiak ez baitigu asko laguntzen. Erleak ondo prestatu arren, eguraldiaren menpe gaude beti.

Zeintzuk dira erlezain baten betebehar edo zeregin nagusiak?

Nekazaritza jardueretan alta emanda gaudenez, abereak bezalaxe, erleak ere zaindu egin behar izaten dira, bai udan, bai udaberrian eta baita neguan ere. Udaberrian izaten dugu lanik gehiena, batez ere loraldi indartsuak etortzen direnean. Erne egon behar izaten dugu erlekumeak ez botatzeko. Izan ere, erlekumeak botatzen badituzte, erleak joan egiten dira eta erregina berria sortu, eta erregina berriak arrautzak erruteko denbora asko behar izaten du. Hortaz, guk egoera horiek ekiditen saiatu behar izaten dugu. Ondoren, erauzketaren txanda etortzen da. Horretarako, Usurbilera joaten naiz, han erauzketa makinak dituztelako. Abuztuan, berriz, eztia ateratzeko garaia izaten da, eta horretan jarduten dut. Azkenik, neguan, erleak hibernatzen egoten diren bitartean, mantentze lanak egin behar izaten ditut: kaxak txukundu, koadroak prestatu, margotu, kaxa guztiak sopletearekin pasatu, eta abar. Lana beti egoten da, denbora da falta izaten dena.

Lan horiez gain, polena ere jasotzen dut maiatzean, eta horrek ere badu bere lana. Polena dendetan ere saltzen dute, baina hura lehortzeko erabiltzen duten prozesuaren ondorioz, propietateen %60 galdu egiten dira. Nik, berriz, polena etxera ekarri, bolatxo bakoitza banaka-banaka txotx batekin garbitu, eta ondoren, izoztu egiten dut. Behin izoztuta, koilarakada bat hartu eta infusioari edota laranja zukuari gehitzen diot. Polen horrek dendetan saltzen dutenak baino askoz kalitate hobea du, propietate guztiak mantentzen dituelako. 

Liztor asiarrak eragiten dizkizueten kalteez kexatu izan zarete. Zer nolako kalteak dira horiek?

Liztor asiarra 2004an iritsi zen hona. Harrezkero, erlezainok ahal duguna egiten dugu erle hori kontrolpean izateko, baina ikusten ari gara ez dela nahikoa. Azken urteotan sekulako mina egiten ari zaigu, eta aurten, besteetan baino gehiago. Dagoeneko bi erlauntz galdu ditut, hirugarrena galtzeko bidean nago, eta martxa honetan, sei, zortzi edo bederatzi ere gal nitzake. Lagun batzuk erlauntzak lekuz aldatzen ari dira. Gainera, guri bakarrik ez, liztor asiarrak hemengo ekosistema osoari egiten dio kalte, hau ez delako bere lekua. Badakit arazoak konponbide zaila duela, baina eskertuko genuke arazo horri aurre egiteko laguntza pixka bat.

Gisa horretako beste mehatxurik ba al daukazu?

Bai; esate baterako, varroa, 1980ko hamarkadan Txinatik etorri zen zorri mota bat. Zorri horrek erlea hil egiten du, eta erleak jaio behar duenean zorria sartzen bazaio, malformazioarekin jaiotzen da eta erlauntza galdu egiten da. Horrez gain, Internet bidezko erle erosketekin kontuz ibiltzeko eskatuko nuke. Beste leku bateko erleak hona ekarri eta hemen finkatuz gero, arazoak izan genitzake, hibridazioaren ondorioz gure erlea desagertzeko arriskuan jartzeraino.

Dirulaguntzarik jasotzen al duzu?

Nik ez, erlezaintza zaletasun bat da niretzat. Oker ez banago, dirulaguntza jaso ahal izateko gutxienez 150 erlauntz eduki behar dituzu, baldintza ekologiko jakin batzuk betetzeaz gainera. Nire lan egiteko era nahiko ekologikoa da, guztiok aritzen gara modu ekologikoan; erlauntzaren barruko tratamenduan egoten da aldea.

Arropa berezirik janzten al duzu erleengana hurbiltzeko?

Bai, babes ertaineko buzo bat erabiltzen dut, eta baita galtza lodi batzuk, botak, eskularruak eta beste hainbat tresna ere; hala nola, moja.

Nolakoa da erlea? Eta gizakiarekin alderatuz gero, zer esango zenuke?

Dirua bakarrik balioesten duen gizarte honek erlea gutxietsita daukala iruditzen zait; ez diogula merezi duen baliorik ematen. Baina [Albert] Einsteinek esan zuen bezala, erlea desagertuko balitz, mundua lau urteren buruan desagertuko litzateke. Guk jaten dugunaren %75 erleek polinizatzen dute. Artoa eta arroza polinizatu ezin dituenez, hori bakarrik izango genuke. Erleak erlauntzean egiten duen lana ikusgarria da. Kohesio bat dago. Aginte bat dago, baina, era berean, guztiek agintzen dute. Denak dira ezinbestekoak. Eta denek batera egiten duten lan, ezeren truke, bizirauteko soilik. Guk, gizakiok, kontrakoa egiten dugu; ahal badugu albokoa hil eta albokoari lapurtu. Gizakiok erleengandik asko dugu ikasteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!