Irisgarritasunaren garrantziaz jabetzeko saioak egin dituzte herriko ikasleek

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 1a, 09:00
(Argazkia: Orioko Udala)

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin (GKEF) elkarlanean, Orio denontzat egitasmoa lantzen ari da udala. Udaberrian egindako lehen fasean, herriko eragileen eta herritarren ekarpenak jaso zituzten. Bigarren urratsa abian da orain, eta aste honetan sentsibilizazio saioak egin dituzte herriko gaztetxoekin, GKEFko arduradunen eskutik.

Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako LH6 eta DBH2 mailetako gazteek irisgarritasunaren garrantziaz jabetzeko saioak egin dituzte aste honetan, Orioko Udala eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa (GKEF) elkarlanean lantzen ari diren Orio denontzat egitasmoaren barruan.

Eskola ordutegiaren barruan egin dituzte bi orduko saio horiek, hain zuzen, Gorputz Hezkuntzako eskolak aprobetxatuta, eta GKEFko arduradunek gidatu dituzte saioak. Alderdi teoriko eta praktikoak uztartuta dituztela adierazi dute antolatzaileek, eta inguruan dituzten edo kalean ikusten dituzten egoera errealen bidez, bizikidetza eta aniztasunarekiko errespetua bezalako balioak landu dituztela gazteek.

Alicia Figueroa GKEFko zuzendari tekniko eta proiektuaren arduradunak azaldu du besteekiko enpatia eta errespetua lantzeko adin egokienak 11-12 eta 13-14 urte tarteak direla; "gazteek etapa sentikorrago bat igarotzen dute, eta horregatik bideratu ditugu saioak maila horietara". 

Gazteen ekarpenekin "harrituta"

Orio denontzat egitasmoaren helburua da Orio herri irisgarriagoa bihurtzea izanik, gazteek esateko asko dutela uste du dute udalak eta GKEFk. "Haien inguruan ikusten dituzten oztopoak identifikatzea garrantzitsua da, eta horien berri eman behar dute. Denon artean herria hobetzen lagunduko dugu horrela", gaineratu dute GKEFko kideek. Gazteengandik jasotako ekarpenekin harrituta geratu direla azaldu dute, identifikatu gabe zituzten hainbat punturen berri eman dietelako.

Gainera, GKEFk Gorputz Hezkuntza klaseetan erabiltzen jarraitzeko material ugari eskaini dizkiete irakasleei: unitate didaktikoak, bideoak, jolas proposamenak…

Udalak ohar bidez eman du herriko ikasleek saio horiek egin dituztenaren berri, eta han dioenez, Orio izan da aniztasunaren eta irisgarritasunaren inguruko sentsibilizazio saioak adin tarte horietako haur guztiei eskaini dizkien lehen udalerria.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!