Orioko parrokiako kanpaiak kendu dituzte gaur horien uztarriak eta mekanismoak berritzeko

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 1a, 18:00

Unai Manterola apaizak azaldu du kanpaiak beraiek brontzezkoak direla, baina uztarriak eta mekanismoak burdinazkoak; ondorioz, herdoildu egiten dira. Zortzi aste beharko dituzte kanpaiak kanpandorrera itzultzeko. Sei kanpaietatik bost eraman dituzte; ordua jotzen duena bertan gelditu da.

Sei kanpai ditu Orioko kanpandorreak, eta horietatik bost aldi baterako kendu dituzte gaur arratsaldeko lehen orduan. Unai Manterola apaizak kontatu du arrazoia: "Kanpaiak beraiek brontzezkoak dira, baina uztarriak eta mekanismoak burdinazkoak. Horregatik, herdoildu egiten dira eta, herdoiltzean, ezarriak dauden arkuetako harria (hondar-harria) lehertzen dute.

Horrek eskatu du, "bai ondarearen zaintzagatik, bai segurtasun kontuengatik", kanpaiak eta beraien motorizazio sistema berritzea. Hala, burdinazko uztarriak eta gainontzeko gailuak kendu, eta herdoilezinez ordezkatuko dituzte. 

Manterolak esan du hasierako asmoa zela kanpandorrean bertan egitea lanak, "baina dorreak duen esparru txikiagatik, langileek Orion pasa beharreko egunengatik eta abar, aurrekontu desberdinak aztertu ostean aukerarik onena, kanpaiak jaitsi, lantokira eraman eta han prestatzea zen". Pedreñan (Kantabria, Espainia) egingo dituzte lanok.

Beraiek berritu zituzten duela urte gutxi Aiako kanpaiak ere. Jose Ignazio Etxeberria Lizaso Lizargatek jaitsi ditu kanpaiak dorretik, eta aurrekontua 18.000 euro ingurukoa da, "gauza batzuk zehaztu zain". Horretarako, Manterolak azpimarratu du "parrokiako kideeen eskuzabaltasuna" baliatuko dutela, "diru-sarrera bakar bezala".

Zortzi aste inguru beharko dituzte berriz kanpaiak dorrera igotzeko. Bitartean, ordua ematen duen kanpaiak martxan jarraituko du. Gaur bertan, susto ederra hartu dute sakristauak eta garabiko langileak, kanpandorrean zirela beren buru gainean dagoen kanpai horrek 15:30ak markatu dituenean.

Kanpaien pisua eta xehetasunak

Manterolak kanpaiei buruzko datu mordoa jakinarazi dio KARKARAri. Hona hark emandako informazioa:

"Kanpaiak erabil daitezke bueltaka erabiliz, edo kanpotik mailuarekin joz: ordua, su-kanpaia, angelusa, matutia, agonia eta horrelakoak sokaz jotzeko.

Sei kanpai horietan (geuk jarritako izenekin) hauek daude:

  • 1.- Erlojuarena (orduak jotzeko balio duena eta bueltako kanpai handiarekin (2.) su-kanpaia jotzeko balio zuena.
  • 2.- Bueltako kanpai handia, jai handietan jotzen dena, baita angelusa jotzeko edo erlojuaren kanpaiarekin batera su-kanpaia jotzeko balio zuena.
  • 3.-Bueltako kanpai txikia, agonia jotzeko erabilia. Baita jai handietan bueltaka erabiliz ere.
  • 4.- Txintxin handia
  • 5. -Txintxin txikia. Horiek biak txandaka erabiltzen dira astegunetan; biak igandeetan, eta 2. eta 3. kanpai handiekin batera, jai handietan.

Zehaztasun gehiagoz: Erlojuarena (600kilo) dorrearen bobedan dago. Erlojuaren kanpaikadak jotzen ditu. Hori da gaur kendu ez den bakarra. Ondo dago eta, beraz, ordulariak martxan jarraituko du. Hau zen, bueltako kanpai handiarekin txandatuz su-kanpaia jotzeko erabiltzen zena. Gaur egun, su-kanpairik ez da jotzen, surik bada bonberoei deitzen zaielako, baina antzina, kanpai hori jo eta herritarrak joaten ziren baldeekin, sua itzaltzera.

Gaur egun, kultur ondarea zaintzeko edo, Balearen Egunean jotzen da su-kanpaia, antzezlana egiten denean, eguerdian, egun hartan horixe joko zutela suposatuz.

Bueltako kanpai handia (500 kilo). Uztarria eta gailuak berritu beharrekoak. Hau da, sokarekin joz, angelusa jotzeko erabiltzen zena (eguerdian, sei kanpaikada, Jaunaren gizakundea gogoratuz). Duela urte gutxi arte, matutia ere bai. Eta aurrekoarekin txandatuz, su-kanpairako jotzen zena.

Bueltako bigarren kanpaia (400 kilo), uztarri eta gailuak berritu beharrekoa. Hau da, sokarekin joz, norbait hiltzean agonia jotzeko erabiltzen zena. Txintxin handia (txintxin, bueltako kanpai txikiari deitzen zaio Orion) (90 kilo). Hau da herdoilaren ondorioz arkuko harria gehien hondatua zuena, eta duela ia bi urtetan jo ez duguna, horrexegatik. Bada arku bat, hutsik dagoena, eta txintxin handiaren arkuak dituen arazoengatik, hutsik dagoen arkuan jarriko ditugu goi ta behe bi txintxinak. Txintxinak, bata edo bestea, astegunetan erabiltzen ditugu. Eta igandeetan, biak. Jai handietan, berriz, bueltako biak eta bi txintxinak.

Txintxin txikiak (65 kilo) ere uztarria eta gailuak berritu beharrean ditu. Aingeru kanpaia (30 kilo), berriz, zartatua dago kanpaia bera. Funditu egin beharko litzateke erabili ahal izateko. Urteak dira, zorionez, erabili ez dela. Izan ere, haurren bat hiltzean jotzen zen kanpaia da.

Lehenengo hiru kanpaiek, soka izan dute orain arte, eskuz jo ahal izateko aldare ondotik.

Nahiz eta dena modernizatuko dugun, sokak mantentzea erabaki dugu, ondare kultural bat dela uste dugulako. Dena den, hemen dik aurrera, posible izango da kanpaiak mugikorretik jotzea ere".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!