Datorren urtean udal zergak eta tasak %1,5 igotzea erabaki du udalak

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 3a, 17:52

Egongo dira salbuespenak. Esaterako, kirol jarduerei lotutako tasak %4ko igoera izango du, eta kanpinari lotutakoak %2,5 eta %10 artekoa. Kontrara, gizarte ongizatearekin zerikusia duten tasak lehengoan utziko ditu udalak. Hala ere, tasen eta zergen gorabeheretan baino, hobarietan jarri du arreta Anuska Esnal alkateak, diru sarrera gutxien dituzten herritarrei laguntzeko Ordenantza Fiskalak jasotzen dituen bitartekorik eraginkorrenak horiek direla iritzita.   

Orioko Udalak prest ditu datorren urterako Ordenantza Fiskalak, joan den osteguneko udalbatzarrean aho batez onartu eta gero. Urtea hastearekin, tasa eta zerga gehienak %1,5 igoko ditu; baina ez den-denak. Esparru batzuetan igoera handiagoa izango da, "egoera ere berezia delako". Esate baterako, kirol jarduerei lotutako tasa %4 igoko du; eta kanpinari lotutakoak hiru zati izango ditu eta horietako bat %2,5 igoko du, bestea %5 eta hirugarrena %10. Kontrara, gizarte ongizatearekin zerikusia duten tasak lehengoan utziko ditu, igoerarik gabe.

Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ), karga tasa %1,5 igoko du udalak. Hori erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun sailak balio katastralak izoztea erabaki duelako. Udalak tasa lehengoan utziko balu, datorren urteko diru bilketan jaitsiera antzemango luke, eta hori saihesteko, tasa egokitzea erabaki du. Hiri lurren eta industria lurren gaineko tasa igo egingo du, landa lurrena lehengoan utziko du eta etxe hutsen gaineko tasak %50eko errekargua izango du.

Hala ere, OHZn aldaketa garrantzitsuena hobariei lotutako izango da. Familia ugari bereziek %80ko hobaria izango dute eta orokorrek %50ekoa, 250 euroko gehienezko mugarekin. Horrez gain, berrikuntza gisa, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarriren baten aprobetxamendu termikorako edo elektrikorako instalazioak dituzten ondasun higiezinen jabeek OHG zergaren kuotaren %40ra arteko hobaria eskatu ahal izango dute.

Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergak ere %1,5eko igoera izango du, baina esparru horretan ere, aldaketa handienak hobarietan izango dira. Ibilgailu historikoen jabeek ez ezik, elektrikoen eta hibridoen jabeek ere eskatu ahal izango dituzte horiek, eta baita kilometroko 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen duten ibilgailu matrikulatu berrien jabeek ere.

Mimoz landutako ordenantza

Datorren urteko Ordenantza Fiskalak beste hainbat aldaketa eta egokitzapen ere jasotzen ditu, baina horiek gehiago eragingo diote zergen alderdi teknikoari, herritarren patrikari baino. Hobariei dagokionez, berriz, bada berrikuntza aipagarri bat datorren urtera begira. Hain zuzen ere, aurrerantzean Eraikuntza Instalazio eta Obren gaineko Zergan hobaria eskatu ahal izango dute eguzki energiaren aprobetxamendu termikoa edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzen dituzten herritarrek, horiek autokontsumorako baldin badira. Baldintzak egoki betetzen dituztenek, %95eko hobaria izango dute zerga horretan.

Anuska Esnal alkateak adierazi zuen ez direla "hauteskunde usaian erabakitako Ordenantza Fiskalak, mimoz landutakoak baizik", herritarrengan zenbateko eragina izan dezaketen ondo aztertuta, alegia. Eta zergen eta tasen esparruari baino garrantzia handiagoa eman diotela hobarienari, "diru sarrera gutxien dituztenen herritarrei laguntzeko eta trantsizio energetikoan eragiteko udalak eskuartean duen modurik eraginkorrena" hori dela iritzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!