Irudi berria du Arkupe elkarteak

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 5a, 12:00

Orioko merkatarien eta ostalarien elkartea 1990ean sortu zuten, eta ordutik, logo bera izan du. Azken urteotan kide berri ugari dira elkartera, eta bilakaera hori irudian ere islatu beharra ikusi dute. Horrela, logo berria sortzeko kontuan izan dituzte zaharraren esentzia eta elementuak, baina irudiari "beste freskotasun bat" eman diote.

Arkupe Orioko merkatarien eta ostalarien elkarteak irudi berria estreinatu du. Izan ere, 1990an elkartea sortu zutenetik, logo bat eta bakarra izan du, eta hura berritzeko eta eguneratzeko beharra ikusi dute kideek. Irudi berria sortzeko, kontuan izan dituzte zaharraren esentzia eta elementuak, baina freskotasun handiagoa eman nahi izan diote.

Elkarteak ohar bidez azaldu duenez, lau elementuk osatzen dute irudi berria. "Alde batetik, Oriorekin lotura zuzena erakusten duten itsasoaren mugimendua eta balearen errepresentazioa daude. Bestetik, elkartea bera, eta orain arteko logoan hain bereizgarri zen arkupe babesgarria. Horixe baita Arkupe herriko dendari, ostalari eta merkatarientzat: babesa, laguntza eta batasuna".

Erosi Orion kanpaina

Irudi berria aurkeztearekin batera, udazkeneroko Erosi Orion kanpainaren berri ere eman du elkarteak abiatuko du elkarteak. Hain zuzen ere, urriaren 17atik 28ra egongo da martxan kanpaina, eta parte hartzen duten herritarren artean erosketak egiteko 200 euroko bost bonu zozkatuko dituzte. Zozketan parte hartu ahal izateko, gutxienez elkarteko sei dendatan edo ostalaritza gunetan erosketaren bat egin beharko dute herritarrek. Aurten, berrikuntza gisa, zozketa irabazten ez dutenek ere saria izango dute, sei zigiluak lortzen dituztenek Arkuperen irudi berria daraman motxila eskuratzeko aukera izango baitute, doan. Motxilak urriaren 21ean eta 28an banatuko dituzte, 18:30etik 20:30era bitartean, kultur etxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!