Tailerra egingo dute Orion ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun aukera jasangarria ardatz hartuta

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 6a, 15:21
Ibilgailu elektrikoa kargatzen.

Tailer informatiboa hilaren 13an izango da, 18:30ean hasita, Orioko Kultur Etxean. Energia Argitu programaren baita antolatu dute saioa, eta bertan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.

Urriaren 13an, datorren ostegunean, ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarrirako aukerei buruzko tailer informatiboa izango da Orion, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Orioko Udalak elkarlanean antolatuta. 18:30ean hasiko da saioa, kultur etxean, eta bertan parte hartzeko urriaren 11 baino lehen izena eman behar dela jakinarazi du Orioko Udalak. Horretarako, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi daiteke edo 605 757 687 telefonora deitu, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 18:00etara.

Tailerraren helburua da informazioa ematea gizartean txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun-eredu jasangarriagoei buruz. Honako gaien inguruan arituko dira: ibilgailu elektrikoen ezaugarriak, kontsumoa, salneurria, kargatzeko eskakizunak… Era berean, mugikortasunari lotutako beharrei buruz hausnartuko dute tailerrean, motorrik gabe mugitzeko aukerak aztertuko dira eta ibilgailu elektrikoak konpartitzeko dauden esperientzien berri emango da.

Tailerra Energia Argitu programaren baitan antolatu dute, eta Gipuzkoako etxebizitzetan, merkataritzan, enpresetan… energiaren kontsumoa murrizteko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskaintzea du helburu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!