XIII. mendeko balea hezurra jarri dute ikusgai turismo bulegoan

Karkara 2022ko urr. 7a, 09:39
Balea hezurra turismo bulegoan ikusgai. (Orioko Udala)

Balea hezur hori urtetan Bizkarreneko etxearen atzekaldean egon da herritarren bistan. Orain, datazioa egin ondoren, "ondo kontserbatu beharrekoa" dela uste du Orioko Udalak, eta turismo bulegoan jarri dute ikusgai, beirazko kutxa batean.

Urtetan, balea hezur bat egon da herritarren bistan, Bizkarreneko etxearen atzeko aldean, Bordatxo tabernaren atzean, hain zuzen ere. 1980ko hamarkadan aurkitu zuten dragatze lanetan ari zirela, Bizkarreneko etxearen atzeko moilaren inguruan, eta uste zuten 1901ean harrapatutako balearekin lotura izan zezakeela. Dena dela, udalak jakinarazi du Uppsalako Unibertsitatean (Suedia) karbono 14arekin egindako datazioaren arabera, 1265-1268 urteen artekoa izan daitekeela ondorioztatu dutela ikertzaileek. Hezur zigomatikoaren zati bat da, baina udalaren esanetan, ikertzaileek ezin izan dutela zehaztu zein balea-espezietakoa den.

Balea-hezurraren garrantzia aintzat hartuta, "ondo kontserbatu beharrekoa dela" uste du Orioko Udalak, eta turismo bulegoan jarri dute ikusgai, beirazko kutxa berezi batzean.

Balea-arrantza
Ez da kasualitatea, Orioko ibaia dragatzen ari zirela, balea-hezur bat aurkitzea. Izan ere, balea-harrapaketa jarduera ekonomiko garrantzitsua izan zen Euskal Herrian eta bereziki Orion. Udalak azaldu duenez, Orioko barrak zaildu egiten zituen itsasorako sartu-irtenak, eta ondorioz, bizitza egunero arriskuan ez jartzeko, urrutiko itsasoetara ateratzen hasi ziren herriko arrantzaleak, bakailaotara eta baleatara. XVI. mendean Orio zen Ternuara arrantzale gehien bidaltzen zituen portuetako bat". Gainera, nabarmendu dute, Orioko arpoilariek fama handia zutela, eta beste portuetako arrantza-ontzietan kontratatzen zituztela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!