PAPEREKOA

"Garrantzitsua da egiten denarekin gozatzea"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko urr. 9a, 11:12

Eider Laskibar Karela kiroldegian. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Urriko KARKARA aldizkarian, Osasuna atalean, Orioko Karela kiroldegiko entrenatzaile Eider Laskibarrek gomendio batzuk eman dizkie, ikasturte berriarekin batera, kirola edo ariketa fisikoa egiten hasi nahi dutenei.

Ikasturtea hastearekin batera, herritar askok ariketa fisikoa egitea jarri dute helburu. Zer gomendatuko zenieke pertsona horiei?

Lehenik eta behin, garrantzitsua da gustukoa den ariketaren bat egiten hastea. Batzuek ez dute jakiten zer motatako jarduera fisikoa gustatzen zaien, eta horiei gomendatuko nieke pare bat astetan jarduera desberdinak probatzea, zer atsegin duten eta ondo zerk sentiarazten dien jakiteko. Bestetik, garrantzitsua da norbere buruarekin konpromisoa hartzea, konstantea izatea eta helburu errazak ezartzea. Inportantea da, gainera, pixkanaka hastea. Gure helburua sasoian jartzea edo izerdi pixka bat botatzea baldin bada, ariketa arina eginez hasiko ginateke eta, pixkanaka, intentsitatea handitzen joan. 

Batzuetan emaitzak azkarregi lortu nahi izaten dira, eta gehiegi entrenatzeko arriskua egoten da. Minik ez hartzeko zer hartu behar da kontuan?

Behar baino saio gehiago egiteagatik ez ditugu emaitza hobeak lortuko. Ez da emaitzarekin eta hori lortzeko entrenamenduekin itsutu behar; pazientzia eduki behar da, eta ulertu, atseden hartzea entrenamenduaren parte dela. Entrenatzen hastearekin batera, gorputzari entzun egin behar zaio, eta elikadura osasuntsua izan. Hasteko, esaterako, egokia da astean hiru aldiz entrenatzea. Hala ere, faktore asko hartu behar dira kontuan entrenamenduak definitzerakoan: esaterako, egiten dugun lan mota, edo daukagun denbora librea.

Ez da erraza ohitura berria bereganatzea, eta zenbaitetan, etsi egiten da. Nola mantendu daiteke motibazioa?

Beti presente eduki behar da ariketa fisikoa osasuna hobetzeko egiten dugula, eta garrantzitsua da egiten denarekin gozatzea. Izan ere, oso zaila da gustatzen ez den jarduera bat denbora luzez egitea. Horrez gain, motibazioari eusteko ona da talde batean sartzea eta taldearekin konpromisoa hartzea. Bestetik, musikak ere izan ohi du eragina; musikarekin egiten den ariketa fisikoa motibagarriagoa dela iruditzen zait niri, bakarka zein taldean entrenatu.

Ariketa fisikoa egiteak zer onura dakartza?

Fisikoki indarra, malgutasuna, erresistentzia eta gorputzaren alineazioa hobetzen laguntzen du, eta nahi gabe elikaduran arreta jartzen dugu, entrenatzen hasten garenean. Horrez gain, psikologikoki onura handiak dakartza: egunerokoaz deskonektatzen laguntzen digu, estresa kanporatzen... Hobeto atseden hartzen dugu kirola egin ondoren, eta gogo aldartean ere eragin positiboa du. Azken finean, ondo sentiarazten gaitu ariketa fisikoa egiteak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide