Itsas Kirol Poloa aurkeztu dute Arraunetxen

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 21a, 11:11
Arraunetxen egin zuten Itsas Kirol Poloaren aurkezpena, atzo arratsaldean. (Utzitakoa)

Erakundeetako ordezkariek ez ezik, proiektuarekin harremana duten hainbat kirolarik, enpresaburuk eta beste arlo batzutako profesionalek ere parte hartu dute aurkezpenean. Proiektuaren sustatzaile nagusi den UKUEren arabera, "itsasoa ardatz hartuta, uretako kirolak erdigunean jarriko ditu Itsas Kirol Poloak, eta proiektua estrategikoa izango da eskualdearentzat"; hain zuzen ere, eskualdearen garapenaren "ikur eta motore" izan nahi du. Itsas Kirol Poloa zigilua sortu dute dagoeneko, tokiko enpresek eskainitako zerbitzuen kalitatea bermatzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Itsas Kirol Poloa aurkeztu zuen atzo arratsaldean, Arraunetxen egindako ekitaldian. Lourdes Salsamendi UKUEko presidentearen arabera, eskualdearentzat "proiektu estrategikoa" da Itsas Kirol Poloa, hain zuzen ere, "Urola Kostako baliabide endogenoa den itsasoa ardatz hartuta uretako kirolak erdigunean jarriko dituen proiektu estrategikoa". 

Salsamendik kontatu zuenez, 2017an hasi ziren Itsas Kirol Poloa sortzeko lehen urratsak egiten, eta "bost urteko partaidetza prozesu emankor baten ondoren", atzoko aurkezpena "urrats garrantzitsutzat" jo zuen proiektua egikaritzeko bidean. "Eskualdearen garapenaren ikur eta motore" izan nahi du poloak, eta "ekonomia urdina eta oparotasuna" izango ditu helburu. Gainera, nabarmendu zuen, gisa honetako beste polorik ez dagoela munduan. "Eskualdearen bilakaeraren traktore eta gidari paperean, ezagutza eta berrikuntza uztartuko ditu. Kirolari lotutako jarduerei ez ezik, itsasoa oinarri duten eskualdeko gainerako enpresei ere jarraibideak eskainiko dizkie poloak". Salsamendiren esanetan, "Urola Kosta bereizgarritzen duten balioak sustatzeko apustu sendoa izango da, horiek lurralde osora zabaltzeko".

Maitena Salinasek gidatu zuen aurkezpena, eta han izan ziren, besteak beste, Salsamendi, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria. Horiez gain, proiektuarekin harremana duten beste sei lagun ere izan ziren, euren testigantzak ematen: Aitor Reche Unofit enpresako arduraduna, Andor Serra kirolari profesional ohia, Jon Lasa ontzien arkitektoa eta Branka Solutions etxearen sortzailea, Oscar Garcia kirol arloko enpresaburua, Nadeth Agirre Orio Arraun Elkarteko patroia eta Salsamendi bera. Ekitaldian zehar, Iceberg kolektiboko Javier Miguel Garay artistak mural bat osatu zuen aurkezpenean jasotako ideia nagusiekin.

Zigilua martxan

Egitasmoaren baitan, dagoeneko sortu dute Itsas Kirol Poloaren Zigilua deitu diotena, eta atzo jakinarazi zutenez, dagoeneko eskualdeko lau enpresa tokiko izaerari eta jarduerari balioa emango dien zigilu hori lortzeko prozesuan murgilduta daude: Redymar, Ural Experience Zumaia, Begi-Bistan eta Surfing Zumaia, hain zuzen. "Zigiluaren helburuak dira sektorearen helburu komunak zehaztea eta enpresen arteko elkarlana sustatzea, nork bere zerbitzua eta eskaintza hobetuta, eskualde osoaren onura bilatzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!