Inoiz ez da berandu

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 26a, 10:49

Nere Manterola eta Oskia Yabenek argi dute, 47 urterekin deskubritu dute beren pasioa: arraunketa mugikorra. Urriaren 15ean eta 16an, beterano mailako nazioarteko txapelketa jokatu zuten Sevillan (Espainia).

Zergatik ez! ekimenak hautsak arrotu zituen herrian, 40 urte inguruko emakume talde batek Oriotik Bilborako ibilbidea arraunean egitea lortu zutenean. Behin erronka bukatuta, ordea, ez zen ezerezean geratu emakume haien arraunerako grina, eta haietako bik, Nere Manterolak eta Oskia Yabenek, arraunean jarraitu dute Arraun Lagunak elkartean. Urriaren 15ean eta 16an Sevilla International Rowing Masters Regatan parte hartu zuten: "Emozionatuta gaude, 47 urterekin gure pasioa deskubritu dugulako: arraunketa mugikorra".

Zergatik ez! ekimenean parte hartu zutenean, 44 urte zituzten Manterolak eta Yabenek. "Ordura arte kirolarekin harreman gazi-gozoa izan genuen. Emakume askori gertatzen zaien bezala, kirola egiten hasten ginen geure kasara, baina utzi egiten genuen, ez genion jarraipenik ematen, eta nahi eta ezinean genbiltzan", aitortu du Nere Manterolak. Zergatik ez! ekimena, ordea, inflexio puntua izan zen erronkan parte hartu zuten emakume askorentzat. "Emakumeok, amak garenok batik bat, gainontzeko gauza guztiak geure buruaren aurretik jartzeko joera izaten dugu. Horregatik, Zergatik ez! garrantzitsua izan zen bertan parte hartu genuenontzat, geure buruari denbora eskaintzea lehentasunezko bihurtu genuelako", azaldu du Yabenek. 

Hamar hilabetez entrenatzen jardun ziren. "Exijentea izan zen eta asko entrenatu genuen, baina era berean asko gozatu genuen prozesuan; ohartu ginen arraunean egiteak korrikak edo beste kirolak egiteak baino sakrifizio gutxiago eskatzen zigula, oso gustuko genuelako". Gainera, oso harreman politak sortu ziren taldekideen artean. "Guk, esaterako, elkar ezagutzen genuen, adin bereko seme-alabak ditugulako, baina kirolaren bidez lagun handiak egin gara", nabarmendu dute.

Zergatik ez! ekimenak kirola beren egunerokoan barneratzeko balio izan zien, eta bukatu zenean, hutsunea sentitu zuten parte hartzaileek. "Dinamika berriak sortu ziren eta erronka txikiak jarri genizkion geure buruari". Behobia-Donostia lasterketa egin zuten, eta hilean behin mendi irteera bat egiteko plangintza bat ere prestatu zuten. 

Dena dela, Yabenen esanetan, uretara ateratzeko grinak "bizi-bizirik" jarraitzen zuen emakume batzuengan, eta Arraun Lagunak elkartetik jaso zuten horri irtenbidea emateko proposamena, emakumeak eta aisia uztartu nahi zituen proiektuan parte hartzeko deia, alegia. "Gurekin jarri ziren harremanetan Zergatik ez!-eko kideok bagenuelako eskarmentua arraunean". 

Serio entrenatzen

Emakume asko elkartu ziren Arraun Lagunak elkartearen proiektuan, tartean Zergatik ez!-en parte hartutako bederatzi emakume. "Dena dela, oso zaila da aisialdian oinarritutako proiektu iraunkor bat sortzea, parte hartzaile guztiek ez dutelako izaten lehentasun, denbora libre eta prestutasun bera. Horregatik, kide batzuk proiektua utzi dute bidean, eta Oriotik biok geratu gara, arraunak erabat harrapatuta". Prozesuan zehar, gainera, proiektuaren izaera ere aldatuz joan dela nabarmendu dute, eta arraunketa mugikorra ezagutzeko aukera izan dute bi arraunlari beteranoek. "Erabat harrapatu gaitu arraunketa olinpikoak. Egia da, hasieran kostatu egin zitzaigula eskua hartzea, oso teknikoa delako kirola eta hasiberriontzat kontzentrazio handia eskatzen duelako, orain baina, gozatu egiten dugu uretan".

2022ko urtarriletik ari dira arraunketa mugikorrean astean sei egunez entrenatzen, eskarmendu handia duen entrenatzaile baten gidaritzapean. "Arraun munduan asko dakien adineko gizon bat da, bere garaian selekzioko entrenatzailea izandakoa. Oso exijentea da, eta errietak ere egiten dizkigu. Hasieran, hamar urtetan jardunda ere, ez genuela arraunean ikasiko esaten zigun. Baina, guk beti umorearekin hartu ditugu haren esanak, eta argi utzi diogu tematiak garela eta gurea konstantzia dela. Otsailean, negu gorrian, entrenamenduan bi aldiz ontzia irauli eta blai eginda bukatuta ere, umoretsu agertzen ginen hurrengo egunean entrenamendura". Hala, ekinaren ekinez, urrats garrantzitsuak egin dituzte Manterolak eta Yabenek. "Gure pasioa arrauna da. Pena daukagu berandu deskubritu dugulako, 47 urterekin, baina asko gustatzen zaigu", adierazi du Manterolak.

Konstantzia gakoa

Bi arraunlariek intentsitate handiz bizi dute zaletasun berria. "Entrenatzaileak, guri ezer esan gabe, Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko izena eman zigun, eta urduri pasatu genuen estropadaren aurreko astebetea. Larunbatarekin jokatu behar genuen txapelketa, eta gure kezka nagusia zen estropadan zehar ontzia ez iraultzea. Argi genuen azkenak iritsiko ginela, baina ez genuen barregarri geratu nahi", aitortu dute. Azkenean, ez zitzaien horrelakorik gertatu, eta beren kategorian oso parte hartzaile gutxi zirenez, domina ere lortu zuten. "Ezustean harrapatu gintuen dominak, eta sari banaketan bertan ez geundenez, gure semeen lagunek jaso zuten domina gure partez", adierazi dute barrez.

Lehen estropada hori «esperientzia ahaztezina» izan zen bi arraunlarientzat. "Ni, esaterako, konturatu nintzen estropada aurreko zirrara hori asko gustatzen zitzaidala, ez irabazteko grina dudalako, geure burua gainditzeko pizgarri gisa ulertzen dudalako baizik. Lehen, estropada hori baino lehen, pentsatzen nuen gu ez geundela jada lehiatzeko moduan, baina orain lehiatzeko gogoa sartu zait", adierazi du Yabenek. Dena dela, izaeraren araberakoa dela gehitu du segituan Manterolak, "niri, oraindik, urduritasunak gainditu egiten nau".

Europan indarra hartuz

Sevillako International Rowing Masters Regatan bizitakoa "oso berezia" izan zela aitortu dute. Manterolaren esanetan "nazioarteko estropada izanik, Europa osotik joandako arraunlariak bildu ginen, eta giro aparta zegoen. Benetan ikusgarria da arraunketa eremu hori, eta nazioarteko estropada baten bueltan sortzen den giroa, zer esanik ez". Emaitza, berriz, bigarren maila batean geratu zen oriotarrentzat. "Gure helburua esperientzia bizitzea da, badakigulako hasiberriak garela, eta bizitza guztia arraunean daramaten arraunlarien aurka lehiatzen dugula. Horrekin esan nahi duguna da, inoiz ez dela berandu benetan gustatzen zaigun zerbaiti ekiteko». Gainera, eguneroko estresetik eta buru-hausteetatik ihes egiteko modu bikaina dela ere adierazi dute. "Geure buruarentzat hartzen dugun denbora da, buru osasunerako behar-beharrezkoa".

Manterola eta Yaben bihotzez oso oriotarrak sentitzen dira, eta pena dute une honetan Orio Arraunketa Elkarteak ez duelako beterano mailako proiekturik martxan. "Europa mailan beterano mailako arraun proiektuak indarra hartzen ari diren bitartean, Euskal Herrian oraindik ez da urratsa egin, tostako arraunketari lehentasuna ematen zaiolako. Ederra izango litzateke Oriok, arraunean erreferente izanik, Europako ereduaren lekukoa hartzea, eta beterano mailako proiektua abiatzea arraunketa olinpikoan". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!