OBB seigarren gelditu da Bartzelonan jokatu duten Espainiako Txapelketan

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 26a, 16:00

Urriaren 20tik 24ra jokatu dute txapelketa eta hamahiru taldek parte hartu dute. Sara Loidi oriotarrak irabazi  du Txapelketako Bateatzaile Onenaren Saria.

Urriaren 20tik 24ra, OBBko jokalari gazteak Bartzelonan izan ziren Espainiako Txapelketa lehiatzen. Oriokoaz gain, Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik (Katalunia eta Valentzia), Galiziatik eta Espainiatik (Madril eta Zaragoza) joandako beste hamabi taldek parte hartu zuten txapelketan, eta OBBko jokalariak maila ona emanda bueltatu ziren etxera.

Txapelketako lehenengo fasean, B taldeko sailkapeneko bigarren postuan gelditu ziren oriotarrak, Bartzelonako Sant Boi indartsuaren atzetik. Horri esker, Top8an sartu zen Orioko taldea. Ostiral arratsaldean, Madrilgo Rivas taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion, eta partida parekatua izan zen arren, 9-8 galdu zuten neskek. Hala ere, larunbatean, Zaragozako Miralbueno taldeari 15-8 irabazi ondoren, seigarren postua ziurtatu zuen taldeak. Igandean, bosgarren postua lortzeko aukera izan zuten Madrilgo Dridma taldearen aurkako partidan, baino ezin izan zuten garaipenik lortu. Beraz, sailkapeneko seigarren lekuan amaitu zuten txapelketa.

OBBko arduradunak "oso pozik" daude emaitzarekin eta taldeak izan duen hobekuntzarekin. Aipatzeko da taldea gaztea dela eta jubenilen mailan lehenengo txapelketa dutela. Azpimarratzekoa baita ere, Sara Loidik irabazitako saria: Txapelketako Bateatzaile Onenaren Saria, hain zuzen. Loidik 15 urte besterik ez ditu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!