'Tipularen sehaska kanta' dokumentala ikusteko aukera izango da asteartean

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 5a, 11:30

Memoriaren Egunaren harira Orioko Bizikidetza Batzordeak antolatu duen egitarauaren barruko ekitaldia da. Emanaldia asteartean izango da kultur etxean, 19:00etan hasita, eta doakoa izango da.

Azaroaren 10ean Memoriaren Eguna izango da, eta horren harira, urritik abendura bitartean hainbat jarduera antolatu ditu Orioko Bizikidetza Batzordeak. Horietan hirugarrena, azaroaren 8an egingo dute, datorren asteartean: Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentala emango dute kultur etxean, 19:00etan hasita. Doakoa izango da.

Sare Herritarrak eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeak sustatutako proiektua da Tipularen sehaska kanta. 2021ean crowdfunding kanpaina jarri zuten abian, eta 16.000 eurotik gora bildu zituzten ikus-entzunezko lana finantzatzeko. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta valentziarraren Nana de la cebolla olerkia du oinarrian, eta analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur? Garroren proiektua 2022ko otsailean estreinatu zen Donostian, eta udaberrian herriz herri aurkeztu dute dokumentala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!