Xaltxerak taldeak bere jarduna behin betiko etetea erabaki du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko aza. 4a, 20:23

Eraikitako guztiarekin "pozik" daudela azaldu dute taldeko kideek ohar bidez, eta zazpi urte hauetan taldea babestu duten guztiei eskerrak eman dizkiete. "Kimu berriak etor daitezela! Bazterretan elkar ikusiko gara! Gora borroka feminista", aldarrikatuz agurtu dira.

Xaltxerak Orioko talde feministak martxoan etenaldia egingo zuela adierazi zuen, eta gaur ohar bidez jakinarazi du talde gisa agur esateko ordua iritsi dela eta bere jarduna behin betiko etengo duela. Duela zazpi urte sortu zen Xaltxerak taldea, eta urte hauetan guztietan Orio feminismotik eraikitzeko "etengabeko militantzian" aritu direla azaldu dute. "Indarkeria matxista kasuak publikoki salatu ditugu eta Orioko eragileekin eta erakundeekin lanean aritu gara. Hainbat ekimen antolatu ditugu emakumeon* ahalduntzerako, emakumeak ikusarazteko, saretzeko eta gure identitateen inguruko hausnarketarako, baita ohitura matxistekin amaitzeko ere".

Taldea "pozik" dago eraikitako guztiarekin, baina agur esateko unea iritsi dela uste dute. "Mila esker urte hauetan gure babesgune izan zareten guztioi! Kimu berriak etor daitezela! Bazterretan elkar ikusiko gara. Gora borroka feminista!!!!!!", aldarrikatuz agurtu dira.