Zutik egindako arraunkadak Oriaren itsasadarrean

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 5a, 15:53

Gipuzkoako arraun surf edo stand up paddle (SUP) txapelketa jokatu da gaur goizean Orion. Gaztetxoak aritu dira lehenbizi, eta helduen txanda izan da eguerdi partean.

Paddle surf bezala ere ezaguna den surf modalitatea da arraun surfa edo SUP. Taula gainean zutik egiten du arraunean kirolariak kirol modalitate honetan. Gipuzkoako Surf Federazioak Oriaren itsasadarra aukeratu du Gipuzkoako arraun surf txapelketa hartzeko. Eguraldia gaur lagun izan badute ere, garaiak (irailean jokatu izan da orain arte) eta aurreko egunetan izandako euriek parte hartze urrian zer ikusia izan dutela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, helduen kategorian 20 lagunek izena eman bazuten, hamabi bakarrik abiatu dira Orioko Arraunetxe parean kokatutako irteera puntutik. 

Aurretik, 11:00ak aldera hasi da gaztetxoen txapelketa. 10, 12 eta 14 urtez azpikoak aritu dira lehen txapelketa honetan, eta buien bidez mugatutako zirkuitu bati bueltak eman behar izan dizkiote. 

Eguerdiko 12:00etan atera dira txapelketa nagusiko parte hartzaileak. Lehenbizi, zirkuituari buelta bat eman diote eta gero errioan behera egin dute autobideko zubira arte. Han buelta eman, eta ibaian gora abiatu dira, buiari buelta eman eta Arraunetxe parera heltzeko. Kategoriaren arabera, buelta bat edo bi eman dizkiote zirkuituari. 

Mugimendua izan da Oriaren itsasadarrean, une berean Orioko Arraunketa Elkarteko aulki mugikorrek arraunlariek ere entrenamendu saioa zutelako. Batzuekin edo besteekin, kolorez bete da ibaia Orio parean. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!