Filosofia herrira ekartzeko, irakurketa saioak

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 8a, 14:07
Aritz Pardina. (Iñigo Gaiton)

Datozen bi ostiraletan, Hannah Arendt-en Indarkeriaz liburuaren inguruko irakurketa saioak egingo dituzte Orion, Aritz Pardinak antolatuta. Salatxo aretoan izango dira saioak, 18:30ean hasita, eta animatzeko deia egin du.

Filosofia herriratzea. Horra hor Aritz Pardinak (Orio, 1996) bere buruari jarria dion erronka. Badaki ez duela lan samurra, baina behar adina saiakera egiteko prest dago. "2020an antolatu nuen lehenengo aldiz Pentsamendu Tailerra deiturikoa, gaztetxean; eta erantzun ona izan zuela ikusita, 2021ean beste saio batzuk egin genituen". Umorearen mugez, emozioez, arrisku natural eta teknologikoez eta beste hainbat gaitaz jardun zuten saio haietan, "beti hitzaldi edo solasaldi formatuan". Aurtengo maiatzerako antolatutako saioak, ordea, bestelako erantzuna izan zuen. "Hizlariak lotzea asko kostatzen ari zitzaidanez, erabaki nuen hitzaldia neuk ematea, baina inor ez zen azaldu".

Horrek ez zuen gogogabetu eta erabaki zuen formatuari buelta batzuk ematea eta beste proposamenen bat lantzea. Eta esan eta egin. Bi irakurketa saio antolatu ditu Hannah Arendt idazle eta pentsalari alemaniarraren Indarkeriaz liburuaren inguruan. Datozen bi ostiraletan izango dira saioak, hilaren 11n eta 18an hain zuzen, Salatxo aretoan, 18:30etan hasita. Aztertuko duten testua lortzeko, bi bide jarri ditu aukeran: pentsatailerra@outlook.com helbidera idaztea da bata, eta kultur etxean utzi dituen paperezko kopietako bat hartzea da bestea.

Irakurketa saioak Salatxo aretoan egitea erabaki du herrigunetik gertuago dagoelako, eta formatu horrekin probatzea erabaki du "hitzaldiak baino saio interaktiboagoak" nahi dituelako. "Lanketa ahalik eta modurik arinenean egitea nahi dut, eta uste dut irakurketa saioek ematen dutela horretarako aukera". Hannah Arendten Indarkeriaz zergatik aukeratu duen galdetuta, berriz, honakoa erantzun du: "Ukrainaren inbasioa dela-eta, pil-pilean dauden kontzeptuak jorratzen ditu testuak: teknika, aurrerapena, boterea eta indarkeria. Nik uste Arendten testua lantzeak herritarrei erremintak emango dizkiela gai horiei buruz beste era batera hausnartzeko".

Lehen saioan, Arendten biografia intelektualaz ariko dira; "nabarmenduko dut zer irakasle izan zituen, zer korronte jarraitu zituen; non kokatzen den bere pentsamendua eta zer garrantzi duen XX. mendeko filosofia politikoan". Bigarren saioan, berriz, testuaren irakurketan sakonduko dute eta han ageri diren kontzeptuen analisia egin. Beraz, aurrenengo saiora joateko ez da ezinbestekoa izango testua irakurrita izatea; aldiz, bigarrengo saiorako, bai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!