Ostiralean eta larunbatean "produktu mordoa" bildu da Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzat

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 27a, 08:14
Bilketan parte hartu duten boluntarioetako hiru, atzo, produktuak kaxetan sartzen. (Onintza Lete Arrieta)

Jakiz eta oinarrizko produktuz betetako kaxak ikus zitezkeen azken bi egunetan herriko saltoki batean, eta bilketaren amaieran, boluntarioak "oso gustura" ziren herritarrengandik jasotako erantzunarekin.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak ostiral eta larunbat honetarako antolatuta zeukan jaki eta oinarrizko produktuen bilketa, eta beste hainbat herritan bezala, Orion ere bildu dituzte produktuak. "Kaxa asko", boluntarioen esanetan. Gainera, nahiago zuenak diru ekarpena egiteko aukera ere bazeukan saltokian bertan.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuko arduradunek helburua ere zehaztuta zuten oraingo kanpainarako: iaz jasotako diru ekarpena –153.000 euro denera– handitzea. Horrekin, 20.000 herritarri lagundu nahi diete. 

Kontuak kontu, Orioko bilketa arriskuan egon dela azaldu zuten atzo boluntarioek, Elikagai Bankuak ez zeukalako inor herrian. Hala, herritarrek beraiek eskaini zuten beren burua bilketa egiten laguntzeko, eta sei boluntario aritu dira lantegi horretan.

Egon da gaizki ulerturik ere: herritarrei banatzen zieten informazio esku orrietan jartzen zuen bilketa abenduaren 3ra artekoa izango zela; gaizki zegoen, ordea, atzo bertan amaitzen zelako. Hala, bat baino gehiago gelditu da bere ekarpena egin gabe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!