Iritzia: Elkar lagunduz, korrika

Sonia Ziani 2022ko abe. 4a, 13:20
Orioko emakumezkoen atletismo taldeko neskak korrika entrenatzen. (Orioko Atletismo Taldea)

Orioko emakumezkoen atletismo taldeko kide Sonia Zianik iritzi artikulua idatzi zuen azaroko KARKARAn, taldean korrika aritzeak dituen onurak azalduz.

- Ez dut uste animatuko direnik.

- Nik esango nuke baietz, mordoxka ikusten ditut beti korrika. 

- Zuk badiozu...

Whatsappeko talde berria sortu da: "Kaixo, Orioko Atletismo Taldeko kideok pentsatu dugu neskentzako ate irekiak egitea korrikan ibiltzen zaretenontzat, edo hasi nahi duenarentzat". 1, 2, 3, 7, 9, 17, 24, 39, 46... Eskuetatik joan zaigu taldea... 62 pertsona. Bai, nondik atera dira 62 neska? Eta orain zer? Orain ezin dugu atzera egin.

Horiexek izan ziren nesken atletismo taldea sortzeko lehen urratsak. Elkarrizketa bat, sareetan zabaldutako mezua, eta herriko frontoia korrika egin nahi zuten neskez gainezka. Ez genuen espero halako harrerarik. Jakin-min handia airean, irribarre txikiak ezpainetan, eta beldurra ere agerikoa zen, baina ilusioa zegoen guztiaren gainetik.

Egunerokotasunari ilusioz heldu genion, bai heldu ere. Batzuentzat beraien lehen kilometroak izan ziren, baina laster etorri ziren lehen irteerak: Lilatoia, Donostiako Klasikoa, Hiru Hondartzak lasterketa, Behobia-Donostia... Harriduraz, taldeko kide batzuek esaten zuten: "Ez nuen sekula pentsatuko hamar kilometro korrika egingo nituenik gelditu gabe, eta gaur, lehen aldiz, Behobia-Donostiako dortsala jartzear nago —20 kilometroko lasterketa da—". Gure arteko konplizitatea indarra hartzen joan da: bata besteari txaloka, animoak ematen.

Herrian zenbaitek esan izan digute gogorra izan behar duela taldeko azkena izateak. Baina, oker dabiltza. Gure artean ez dugu hitz egiten lehenengoaz edo azkenekoaz, norberaren helburuak lortzeko elkar laguntzen duen neska taldea baikara. Behin dinamikan sartuta, gehiago eskatzen dizu gorputzak, eta adrenalina horrek eramaten zaitu korrika egiteaz gain, osasuna ere zaintzera. Biak eskutik doaz. Probatu duenak badaki zertaz ari naizen. Izan ere, korrika egiteak zure bihotz jarduera indartzen du, energiaz betetzen zaitu, eta giharrak indartzen ditu. Hori gutxi balitz bezala, buruko osasunari ere laguntzen dio; izan ere, korrika egitean sortzen diren endorfinek gogo aldartea hobetzen dute. Probatu arte ez gara konturatzen ohitura aldaketa txiki batek zenbateraino alda dezakeen gure bizitza. Horretarako, ordea, ez da beharrezkoa 100 kilometro egitea, mugimenduan egotea baizik.  

Gogoratu, ez gara munduko korrikalaririk azkarrenak, baina taldekide onenak bihurtu gara. Ez gara Olinpiar Jokoetara sailkatuko, edo agian bai, baina gure bizitzan aldaketa txiki hau eman nahi izan dugu. Eskerrik asko taldekide guztioi, zuek gabe ez litzatekeelako posible izango. Zuek gabe ez genukeelako ikasten ari garen guztia ikasiko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!