Publikoa poltsikoan, eta bizitza guztia aurretik

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 9a, 09:30

Orioko eta Zarauzko lau musikarik osatutako Ithaka taldeak Gaztea Maketa Lehiaketako GazteBizHitza saria eskuratu du, entzuleek ematen dutena, hain zuzen. Ateak zabaltzeko balioko dielakoan daude.

Urtebete da Orioko eta Zarauzko lau gaztek —Leire Olariaga (ahotsa), Arantza Igartua (gitarra), Eneko Eizagirre (baxua) eta Josune Freire (bateria)— Ithaka musika taldea sortu zutela, eta ezin urtebete emankorragoa izan. Gaztea Maketa Lehiaketaren 30. ediziora aurkeztu dira, hogei onenen artean sartzea lortu dute, eta entzuleen botoei esker, finalera sailkatu dira. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egindako finaleko ekitaldian zuzenean jotzeko aukera izan dute, eta, gainera, GazteBizHitza Sariarekin etxeratu dira, entzuleen sariarekin eta 2.500 eurorekin, hain zuzen. Egun batzuk igaro diren arren, zorion aparretan jarraitzen du laukoteak.   

Maketa lehiaketara aurkeztea erabaki zutenean, ez zuten horren urrun iristerik espero; hala aitortu dute laurek. "Finalera sailkatzea ez zen izan sorpresa,  denbora asko generamalako entzuleen botoen sailkapenaren buruan; baina sekulako ustekabea izan zen hogei onenetan sartu izana, eta are ustekabe handiagoa izan zen botoen sailkapenean lehen postuan jartzea eta botazioa martxan egon zen denbora ia guztian postu horri eustea", esan du Eizagirrek. 

Finalera entzuleen botoei esker sailkatu zirenez, finaleko eguna baino lehen bazekiten entzuleen saria beraientzako izango zela, baina, hala ere, urduri joan ziren Gasteizera, Jimmy Jazz aretoa leporaino beteta zuzenean jotzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta une hori "sekulakoa" izan zela diote, "beti gogoratuko duten momentua". "Bereziena izan zen babesten eta jarraitzen gaituzten guztiak gu ikustera joan zirela ikustera", adierazi du Igartuak. "Sekulako babesa sentitu dugu publikoaren aldetik, bai botazioa martxan egon den garaian, baita finaleko egunean bertan ere. Oso urduri geunden zuzenean jo eta abestu behar genuelako, eta oso hunkigarria eta polita izan zen publikoan familiakoak eta lagunak dena ematen ikustea". Antzera mintzatu da Olariaga ere: "Zer gehiago eska genezakeen? Irabazi beharrekoak irabazita joan ziren Gasteizera, urduri, baina, poz-pozik. Gure helburu bakarra zen ondo pasatzera eta jendea ezagutzea, eta helburua beteta etorri ginen etxera".

Maketa lehiaketak ateak zabaltzeko balioko diela uste dute. "Maketa lehiaketa beti izan da talde berrientzat erakusleiho bat eta guretzat ere hala izatea nahi genuke", esan du Freirek. "Finalera iritsi izanagatik dagoeneko iritsi zaigu espero ez genuen proposamenen bat, eta nahi genuke gehiago iristea". Horrez gain, konfiantza irabazteko balio izan diela gaineratu du: "Balio izan digu sinesteko musika serioago har dezakegula, finaleraino iritsi bagara, zerbaitengatik izango zelako".

Publikoa poltsikoan eta konfiantzaz beteta, ahalik eta kontzertu gehien emateko helburua dute orain, eta disko bat ontzeko asmoa ere badarabilte buruan. Ez dakite nola moldatuko diren, ikasketak direla-eta elkartzeko nahi adina denbora izaten ez dutelako. "Horrek ez du askorik laguntzen, baina gauza txukun egin nahi ditugu, taldea egonkortu eta Ithaka proiektu bezala definitu, eta horretan saiatuko gara", adierazi du Igartuak.