San Nikolas Jaiak

Sanikolasetan herritarrek jarrera "eredugarria" izan dutela adierazi du udalak

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 10a, 10:09

Prestatutako egitaraua osorik bete dela nabarmendu du, "parte hartze zabalarekin". Eskerrak eman dizkie boluntario gisa lan egin duten guztiei; "zuei esker, guztiok disfrutatu dugu".

Bukatu dira sanikolasak, eta festak nola joan diren ikusita, pozik agertu da udala. Adierazi du prestatutako programa osorik bete dela, herritarren "parte hartze zabalerekin", eta umeek, helduek zein zaharrek, denek izan dutela herriko jaiez gozatzeko aukera. "Pozik ospatu ditugu festak, eta benetan eredugarria izan da guztiok erakutsitako jarrera, elkarrekiko errespetatua oinarri hartuta". Gainera, festa giroan ere, herria garbi mantendu daitekeela erakutsi duzue".

Erakundeak nabarmendu du "Jai Batzordean eta festetan parte hartu duten herritarrek eta eragileek egindako lanari esker, herritik sortutako jaiak ospatu ditugu aurtengoan". Hori dela eta, eskerrak eman dizkie boluntario gisa lan egin duten guztiei. "Zuei esker, guztiok disfrutatu dugu. Eta hori izan da, hain zuzen, aurtengo sanikolasen arrakasta".

Sanikolasetako gertakari ilun bakarrari ere egin dio erreferentzia udalak, San Nikolas gauen plazan izandako erasoari, hain justu. Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen herritar bati arma zuriz mehatxu egitea egotzita. Eraso horren aurrean herritarrek erakutsitako jarrera txalotu egin du udalak, "azkar eta bateratua" izan zelako, "herrian halako jazarpenek lekurik ez dutela argi utziz eta festek askeak eta gozamenerako izan behar dutela erakutsiz". Udalak ere bat egin zuen erasoa gaitzesteko asteazken arratsaldean plazan egin zuten elkarretaratzearekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!