"Orioko gazteek, nahiz eta euskaraz denek jakin, segituan jotzen dute gaztelaniara"

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 21a, 10:30

Orioko gazteen artean interakzio komunikatiboetan hizkuntza bat edo bestea hautatzeko orduan eragiten duten faktoreak aztertu ditu Iñaki Beristain antropologo donostiarrak, eta egindako lanagatik saritu egin dute.

Iñaki Beristainek (Donostia, 1990) Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariketan bigarren saria irabazi du Gizarte elebidun bateko gazteen hizkuntza hautaketan eragiten duten faktoreen azterketa-rekin. Antropologia ikerlana joan den ikasturtean egin zuen Orioko 14-16 urte bitarteko gazteen artean, eta ondorio esanguratsuenak biltzen ditu orain saritu duten lanak. 

Nolatan erabaki zenuen ikerlana Orion gauzatzea?

2018an Zaragueta eskolan irakasle egin nuen urtebete, eta, aldi berean, antropologia ikasketak egiten ari nintzen. Iraskagai baterako eskatu ziguten ikerketa lan baterako gai bat proposatzeko, eta Orion lanean ari nintzenez, proposatu nuen ikertzea zer faktorek eragiten duten interakzio komunikatiboetan gazte batek hizkuntza bat edo beste bat aukeratzeko. Horretan gelditu zen, eta joan den ikasturtean, antropologiako gradu amaierako lana egiteko, erabaki nuen gaiari heltzea. Ikasturte guztia eszedentzian egon nintzen ikerketa lana egiteko. Gero, lortu nituen datuetatik abiatuta, orain saritu  duten lana egin nuen, sariketara aurkeztea pentsatuta.

Hortaz, Orion ez zeneukan interes bezerik?

Orio oso herri interesgarria iruditu zitzaidan, herri oso euskalduna delako. Hori Donostian edo Gaistezen aztertu izan banu, ziurrenik faktore nagusia izango zen hizkuntza gaitasuna edo erraztasuna; gazte bat erosoago sentitzen bada gaztelaniaz hitz egiten euskaraz baino, gaztelaniara joko du bere elkarrizketa guztietan. Orion, ordea, lanean aritu nintzenean ikusi nuen ikasle gehienek gaitasun onak zituztela bai euskaraz eta bai gaztelaniaz aritzeko, eta hori ez zela faktore erabakigarria interakzioetan hizkuntza bat edo bestea aukeratzeko. Interesgarria iruditu zitzaidan hori ikertzea ikusteko zer beste faktorek eragiten duten jakiteko.

Nola egin zenuen ikerlana?

Alde batetik, behaketak egin nituen; bestetik, galdetegiak betetzeko eskatu nien 14 eta 16 urte bitarteko herriko gazte guztiei; eta azkenik, elkarrizketak ere egin nizkien batzuei. Datu bilketa masibo bat izan zen, datu pila bat bildu nituen landa lanean, bai Ikastolan eta bai Zaraguetan, nahiz eta gero sariketara aurkeztu dudan lanean datuen zati oso txiki bat azaltzen den; datu interesgarrienak eta nabarmenenak sartu ditut hor.

Gazteek hizkuntza bat edo bestea aukeratzerakoan eragiten duten faktoreak aztertu dituzu. Zehazki, zer faktoretan jarri duzu arreta?

Hiru eratako faktoreak aztertu ditut: batetik, gaitasuna eta erraztasuna; bestetik, espazioa eta jarduera; eta azkenik, identitatea eta hizkuntzekiko atxikimendua.

Zer nabarmenduko zenuke gaitasunari eta erraztasunari dagokionez?

Orioko gazteei gertatzen zaiena da hizkuntza bat edo bestea ez dutela aukeratzen norberak duen gaitasunagatik, baizik eta solaskidearen gaitasunagatik. Nahiz eta euskaraz denek jakin, ikusten badute solaskideari pixka bat gehiago kostatzen zaiola euskaraz egitea, segituan pasatzen dira gaztelaniara.

Zer nabarmenduko zenuke espazioari eta jarduerari dagokionez?

Oso argi ikusten da gazteen pertzepzioan badaudela espazio eta jarduera batzuk oso lotuta daudenak gaztelaniarekin, eta beste batzuk, euskararekin. Adibidez, nahiz eta donostiarren erdiek baino gehiagok ulertzen duten euskara eta gai diren euskaraz komunikatzeko, Orioko gazteek espazio erdalduntzat dute Donostia, eta joera dute hara iristen direnean edo hangoren bat ezagutzen dutenean, gaztelaniaz hitz egiten hasteko. Jardueretan ere, alde handiak daude. Adibidez, eskubaloian eta arraunean ibiltzen diren gazteek nabarmentzen zuten bi jarduera horietan oso giro euskalduna sortzen dela. Kontrara, futbolean eta sofbolean gaztelaniara jotzeko joera handiagoa dela adierazten zuten. Hala ere, espazio eta jarduera atal horretan, gaztelania gehien erabiltzen duten lekua, dudarik gabe, sare sozialak dira. Egunean, batez beste, lau edo bost ordu pasatzen dituzte pantailen aurrean, batez ere asteburuetan, eta erreferentzia den-denak gaztelaniazkoak dituzte: seriak, programak, influencerrak... Asko nabarmendu zuten gaztelaniaren izaera ludiko hori.

Eta zer nabarmenduko zenuke identitateari eta hizkuntzekiko atxikimenduari dagokionez?

Gazte dezente zeuden beren burua euskalduntzat edo oritartzat identifikaten zutenak, eta horiek zuten euskararen eta normalizazioaren aldeko diskurtso landuena, euskara sentitzen zuten beraien identitatearen parte, eta horiek ziren egunerokoan ere euskara erabiltzeko eta euskarari eusteko ahalegin handiena egiten zutenak. Bazeuden beste batzuek, ordea, beren burua espainiartzat zutenak, eta horien diskurtsoa oso bestelakoa zen, euskararen kontrakoa. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!