Haize berria dakar Harribilek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abe. 22a, 09:52
Harribil eta Talaimendi dantza taldeetako kideak igandean egin zuten entsegu orokorrean. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Gabon garaian Orion egiten zuten Herribil ikuskizuna atzean utzi, eta emanaldi berria aurkeztuko dute bihar Harribil eta Talaimendi dantza taldeek, 22:00etan hasita, Karelan: Hegaldia.

Hegaldia ikuskizunak haizeberritu egingo du Gabon garaia, Harribil eta Talaimendi dantza taldeen eskutik. "Izurritea dela-eta, bi urteko etenaldia izan zuen Herribil ikuskizunak. Iaz, berriz ere antolatzen saiatu ginen saioa, herriko eragileekin batera, baina Gabon garaian COVID-19aren olatu berria iritsi zen, eta egoerarekin kezkatuta, hainbat talde ez zen animatu. Azkenean, bertan behera utzi behar izan genuen emanaldia", azaldu du Jon Alkain Harribileko kideak.

Hala, etenaldia aprobetxatuz, emanaldi berria sortzea erabaki dute dantzari gazteek. Urtebetez aritu dira ikuskizuna prestatzeko buru-belarri lanean. "Olaeta Ballet dantza erakundearen historia kontatuko dugu. Ibilbide luzeko konpainia da, 1936ko gerra eta frankismoaren ondorioz Hego Euskal Herria utzi behar izan zuten, eta Europako hainbat herrialdetan ibili ziren. Olaeta Balletak erbestean ikasita eta esperimentatukoaren emaitza dira gaur egun euskal dantzatzetan ditugu pauso asko", azaldu du Alkainek. Hori dela-eta, Olaeta Balletak egindako ibilbidea azalduko dute Harribilek eta Talaimendik Hegaldia obran.

Dantza eta jantziak

Ikuskizun berriak Harribilen zigilua izango du, eta euskal dantzen eta dantza garaikidearen arteko uztarketa izango da, koreografietan oinarritua. «Emanaldia hiru zatitan banatu dugu. Lehen zatiak dantza tradizionala izango du oinarrian, eta hortik aurrera garatzen joango da». Jon Alkainek sortu ditu koreografiak, eta berritu egin nahi izan ditu dantzak, «haize berria emanez. Harribilen estiloa nabari da, baina ez dira betiko koreografiak». 

Jantziak ere dantzekin batera bilakatzen joango dira ikuskizunean zehar, eta aldi bakoitzak arropa mota bat izango du. Jantzi batzuk berriak dira, Alkainek berak egindakoak , eta beste batzuk, berriz, Harribilen jantzitegikoak, horietako batzuk Goiuri Unanueren diseinuak. "Keinu txiki bat egingo diogu Harribilek sortu zuen lehen emanaldiari, Urratsak oihartzun izenekoari, jantzi tradizionalekin. Horrez gain, Argi Ilun ikuskizuneko jantzi batzuk ere erabiliko ditugu».

Oholtzan berriz elkarrekin

Hegaldia ikuskizunean Harribilek eta Talaimendik parte hartuko dute, eta azken horiek emanaldiko lehen zatian hartuko dute protagonismoa. "Gogotsu" daudela aitortu du taldeko dantzari Karmele Blancok: "Desberdin lantzen dugu euskal dantza bi taldeok, baina oholtzan elkar aberasten garela uste dut. Gu plaza dantzetan aritzen gara, lehengo ohiturari eutsiz, eta Harribilek euskal dantzetan oinarritutako koreografiak egiten ditu, berrikuntza eta gaurkotasuna eskainiz. Biak bateragarriak direla iruditzen zaigu, eta emaitza bikaina izango da".

Hasiera batean, Herribil ikuskizunean bezala, Hegaldian ere herriko beste eragileek parte hartzea zen asmoa, baina aurten ez dela posible izan aitortu du Alkainek. "Musika Eskolari proposatu genion zuzeneko musika eskaintzea, eta ideia polita iruditu zitzaien. Baina, antolaketa arazoak zirela-eta, denbora justuarekin abisatu genien, eta abestiak konplexuak direnez ez zuen ematen kantu originalak prestatzeko denborarik. Horregatik, pena handiz, oraingoan parte ez hartzea erabaki dute". Dena dela, datorren urtetik aurrera, berriz ere herriko eragileak oholtzan bildu nahi ditu dantza taldeak. "Aurtengo aldaketa baliatuko dugu orain arteko dinamikarekin mozteko, eta aurrekoarekin alderatuta guztiz desberdina den emanaldi bat sortzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!