Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Sonia Ziani

Karkara 2022ko abe. 28a, 09:10
Sonia Ziani (Utzitakoa)

Gabonekin batera, bueltan da herritarren doinu kutunen atala. Hirugarren edizio honetan, Sonia Ziani kirolariari gogoko dituen bost kanturen inguruan galdetu diogu.

 

1.- Izal: El baile

Furgonetan egindako bidaiako oroitzapenak ekartzen dizkit gogora, izurritearen ondorengo lehen bidaiarenak. Berdin zitzaigun zenbat kilometro genituen aurretik, super izarren moduan abestu genuen abestia, etengabe.

2.- Tom Rosenthal: Go solo

Ustekabean, surf istripu batean, lagun mina galdu nuen Mexikon. Berak beti jartzen zigun kantu hau, eta nolabait berarekin konektatuta sentitzen naiz, entzuten dudanean. Zerura keinu bat.

3.- Tinariwen:  Iswegh attay (tea edan dut)

Txikitatik, udako oporrak Marokon pasatzen genituen, eta abesti honek bertara narama bueltan: hizkuntza (bereberra), tea, asfaltatu gabeko kaleak... kalean aurkitutako potoekin kontzertuak egiten genituen. Gutxirekin zoriontsu ginen!

4.- Maddi Oihenart: Ikusiko dira berriz

Orain dela urte batzuk ezagutu nuen, eta abestiaren hauskortasunak eta Maddiren ahotsak maiteminduta nauka. Lasaitasuna transmititzen didan abestia da. Gainera, kantua entzuten dudan bakoitzean, dugun hizkuntza aberastasunaz harro sentitzen naiz.

5.- Bon Iver: Skinny love

Txikitatik laguna dudan Maddi bisitatzera joan nintzen Londresa (Erresuma Batua). Berak bazekien oso gustuko nuela talde hau, eta nik berari sorpresa eman beharrean, berak eman zidan niri. London Apollo goraino beteta. 2018ko martxoaren 2an izan zen. Oraindik sarrerak gordeta ditut.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!