"Pribilegiatua naiz, gustatzen zaidana egitetik bizi naizelako"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urt. 28a, 10:00
Zorione Mendez lurrean eserita, pentsakor.

Urtarrileko aldizkarian, Zorione Mendez sortzailearen elkarrizketa argitaratu du KARKARAk.

A izeneko proiektuan murgilduta zaude egun. Zertan datza?

Orain dela bost urte bidaia bat egin nuen Europan eta Asian barrena, eta proiektu kolektibo bat egitea bururatu zitzaidan orduan. Liburu txiki bat sortu nahi nuen, neure buruarentzat opari bat, eta familiari eta lagunei proposatu nien parte hartzea, baita bidaian zehar ezagututako hainbat pertsonari ere. Interesgarria iruditu zitzaidan pentsamendu, kultura eta jatorri desberdinetako jendearen sorkuntzak bilduz proiektua osatzea; ahal zen anitzena. Hasierako ideia hura zertxobait aldatu da, Usurbilgo Udalak dirulaguntza bat eman didalako proiektua garatzeko. Gaur egun, bi atal ditu: batetik, hogeita bat sorkuntza bilduko dituen liburua, eta, bestetik, fanzinea. Zergatik hogeita bat? Bada, hogeita bat lurralde zeharkatu genituelako. Liburua fanzinea baino pertsonalagoa izango da; bertan bilduko ditut zerbait berezia sentiarazten didaten lanak, eta fanzinean bilduko ditut gainerakoak. Horrek ez du esan nahi fanzinean argitaratuko ditudan lanak garrantzia gutxiago dutenik, ezta gutxiagorik ere, baina proiektuaren hasierako esentzia mantendu nahi izan dut, eta liburua neure buruari egiten diodan oparia denez, bertan niretzat esanahi berezia duten lanak jasotzea erabaki dut. Formatu txikiko liburu bat izango da; tapa beltza izango du, eta oihal batekin bilduta egongo da. Objektu artistikoa izango da. Jimena Aljeriz uruguiarrak egingo du maketazioa. Liburuaren 100 ale argitaratuko dira, eta fanzinearen beste 100. Proiektuan parte hartu duten guztiei oparituko diet ale bat.

Bidaian ezagutu zenuen jendearen ekarpenak ere bilduko ditu lanak, beraz?

Ez dira asko, komunikazioa ez zelako erraza izan bidaian zehar, baina batzuk badaude, bai. Pertsona horien jatorrizko hizkuntzan idatzitako testuak dira. Originala dagoen bezala mantenduko dut, akats eta guzti, eta euskarazko itzulpena aurkeztuko dut alboan.  

Zer motatako sorkuntzak bilduko dituzu proiektuan?

Lau gai jarri ditut aukeran, eta horietako bat aukeratu dute parte hartzaileek: ametsa, sekretua, fantasia erotiko-sexuala eta bizipena. Gai horietakoren bat ardatz hartu, eta nahi duen arte diziplinan jorratu behar du bakoitzak: collagea, argazkia, marrazkia, testua...

Liburuaz eta fanzineaz gain, aipatutako gai bakoitzaren inguruko koadro bana ere sortu nahi dut. Gai bakoitzetik lan bat aukeratuko dut, eta horretan oinarrituta, margolan bat sortuko dut. Dagoeneko, erosi ditut 80 zentimetroko diametroa duten lau lientzo zirkular. Aukeratutako lan horien interpretazioak izango dira koadroak.

Europan eta Asian zehar egindako bidaian sortu zitzaizun proiektu kolektiboa egitearen ideia. Toki eta testuinguru berriek ideia berriak sorrarazi zizkizuten, akaso?

Sormen handia daukat eta ideia asko izaten ditut, baina kostatu egiten zait buruan ditudan ideia horiek gorpuztea. Sormen aldetik ez dut behar kanpora ateratzerik, baina uste dut testuingurua aldatzeak naturalki ideia berriak sorrarazten dituela, egunerokoa guztiz aldatzen delako: paisaia, kultura, jendea... Gogoan dut DA proiektua sortzeko beharra Laosen sentitu nuela. Bidaiaren laugarren hilabetea zen. Bizikletan dezente ibiltzen ginen, eta turismo guneetatik urruti genbiltzan. Oso inguru harritsua zen, nahiko basatia, eta hezetasuna handia zegoen. Bidaian ezagututako lurraldeen arteko gustukoena dut Laos, baina laugarren hilabete horretan hasi nintzen etxekoak eta lagunak faltan botatzen. Haien gertutasuna sentitu nahi nuen, eta orduan egin nuen deialdia. Etxekoak gertu sentitzeko oparitxoa egin nahi nion neure buruari. Horregatik da niretzat garrantzitsua liburuan nik aukeratutako lan jakin batzuk biltzea, nahiz eta jaso ditudan lanen artean hobeak badauden. 

Bidaia horrek markatu egin zintuela esango zenuke?

Nerabezaroan bihozkada bat izan nuen Mongoliarekin, eta duela zazpi urte nire bidelagun Beñati nirekin Mongoliara etorri nahi zuen galdetu nion. Eltzeitsu bat jarri genuen eta dirua aurrezten hasi ginen. Mongoliara hegaldia oso garestia zenez, Thailandian hasi genuen bidaia martxoaren 8an, baina helburu argia genuen, Mongolian egon nahi genuen ekainean, garai horretan Naadam festa egiten delako han, Mongolian urtean zehar egiten duten festa bakarra. 

Bidaian zehar ohiko turismo eredutik aldentzen saiatu ginen. Dena dela, ez ginen hasieratik horrela hasi; hasieran, ostatuetan lo egiten genuen, eta garagardoak-eta edaten genituen. Segituan nazkatu ginen, ordea, bizimodu horretaz. Horregatik, Kanbodian, bigarren hilabetean, hasi ginen kalean lo egiten: erretzeari utzi genion, eta oso diru gutxirekin moldatzen hasi ginen. Gure eguneroko bizitzan balioan jartzen ez ditugun gauza txikiei garrantzia ematen hasi ginen: erreka bat topatzen genuenean, bertan garbitzen genituen gorputza eta arropak, eta bertan egoten ginen, lasai, kantatzen, idazten, orrazten. Bizitza erritmoa lasaitu egin zen, eta egunean-egunean bizi ginen.

Beldurrik ez al zenuten sentitzen kalean lo egitean?

Une zailak pasatu genituen, bai, eta nik jarrera matxistak ere jasan nituen. Laosen, gainera, hiru egunetan bi aldiz lapurtu ziguten, eta antsietatea sortu zidan horrek; beldurra ematen zidan kalean lo egiteak. 

Hala ere, aitortu behar dut jendea oso irekia dela, batez ere inguru musulmanetan, eta askotan etxean hartzen gintuztela. Nolabaiteko kontraesana ere sentitzen nuen hor, ordea. Izan ere, beti gizonek gonbidatzen gintuzten beren familiaren etxean ostatu hartzera, baina gero, emakumeak izaten ziren lan guztia egin behar izaten zutenak.

DA proiektuaz gain, beste egitasmorik ba al duzu esku artean?

Bai, hainbat proiektutan murgilduta nabil. Azken asteetan, esaterako, Donostian etxegabekoekin mural kolektibo bat egiteko proiektuan nabil. Abegi harrera etxeak mural bat egitera gonbidatu nau, eta dinamizazio saio batzuk egiten ari naiz horren barruan. Irune Izquierdok eta biok diseinatuko dugu murala, eta Abegi etxean bizi direnekin eta Donostiako Emakumeen Etxeko hainbat kiderekin batera margotuko dugu, denon artean. Horrez gain, Nerea Urdangarin oriotarrak Makua izeneko proiektu artistiko bat du –bertan nerabe zaurgarriekin lan egiten du– eta nahi du nik ere proiektuan parte hartzea arte povera jorratuz, hau da, baliabide gutxirekin egiten den artea oinarri hartuta. Horrez gain, Orioko Kultur Atelierren marrazketa tailerrak ematen ditut. Orioko eskoletan Emakumea eta artea izeneko tailer batzuk eskainiko ditut, baita Euskal Herrian arrisku egoeran dauden animalien inguruko tailerrak ere. Tabakalerako Medialaben ere gidatzen ditut tailerrak, eta beste hainbat herritan ere lotuta ditut. Proiektu asko ditut esku artean.   

Aspaldi hasi zenuen ibilbidea, eta urte hauetan guztietan proiektu pila batean parte hartu duzu. Artista gisa eboluziorik sentitzen duzu?

Zer da artista? Aurreko batean lagun batek esan zidan: "Zori, artista bat zara". Hark badaki hitz horrek ez nauela irudikatzen, ez zaizkidalako etiketak gustatzen, hori esanda lanbide bat soilik garela dirudielako. Nire aurpegia ikusi zuenean, esan zidan: "Artista bat zara, gustatzen zaizuna egiten duzulako aspalditik, eta hortik bizimodua ateratzen duzulako". Arrazoi zuela esan nion. Azken batean, sei urte daramatzat Marrak ezizenaren atzean azoka, tailer, dinamizazio saio, hitzaldi eta erakusketak egiten, eta artea eta sormena uztartzen dituzten beste hainbat proiektutan parte hartzen. Artea estetikatik harago doan zerbait bezala ulertzen dut, eta asko gustatzen zait egoera zaurgarrian dauden pertsonekin lan egitea, arteak bete egiten dituelako. Iruditzen zait arte adierazpenari ez zaiola garrantzirik ematen, bai ordea matematikari, baina 34 urtetan matematikako ariketarik ez dut egin behar izan egunerokotasunean. Musikak eta margotzeak, berriz, konexio bereziak sortzen dituzte, eta emozioak sorrarazteko eta helarazteko balio dute, baita gizarteari kritika egiteko ere. Horregatik, uste dut artea oso lagungarria dela haurrekin, adinekoekin, bazterketa egoeran daudenekin edo ezintasunen bat dutenekin lan egiteko. Hori esanda, uste dut artista bezala nitasunetik hasi nintzela eta orain kolektiboranzko bidea hartu dudala. Nire lanak eboluzionatu du sistemak nahi ez duen bezala, taldean funtzionatzen; lehiakortasunetik ihes egin eta eredu horizontalak jorratzen.

Nola gogoratzen dituzu zure hastapenak?

Usurbilgo lagun batek animatu ninduen azoka batean parte hartzera, eta hiruzpalau aldiz geratu ginen Gaztetxean elkarrekin margotzeko, eta pinturarekin eta materialarekin disfrutatzeko. Musika jartzen genuen nahiko altu, eta dantza eginez margotzen genuen. Orduz geroztik margotzeko harra piztu zitzaidan, baina helburu jakinik gabe. Beharrezkotzat sentitzen dut sormena arlo guztietan: margotzean, abestean, sukaldean... Nire egunerokoan oso presente dago, eta eskerrak; telebista eta albistegiak ikusten jarriz gero, akabo.

Arte Ederrak ikasten hasi zinenean, argi al zenuen hortik bizi nahi zenuela?

Adin horrekin gazteegiak gara zertatik bizi nahi dugun jakiteko; antza, nik gaztetasun hori mantendu egiten dut oraindik. Hemendik bizi naiz eta gustura nago, baina gauzak ikastea eta probatzea gustatzen zaidanez, batek daki etorkizunean zer egingo dudan. Arlo ugari ditut oraindik esperimentatzeko. Arte Ederrak bukatu ondoren, esaterako, Granadan bizi izan nintzen bederatzi hilabetez, eta Siatsu masajeko eta joskintzako ikasketak egin nituen. Bertatik bueltatu nintzenean, patroigintzan eta modan goi mailako ikasketak egin nituen Donostian. Duela hamazazpi urte parte hartu nuen lehen aldiz azoka batean, Goiko Kalen, eta oihalezko panpinekin, bigarren eskuko arroparekin eta marrazki batzuekin jarri nuen postua. Jendearekin hartu-emanean asko gozatzen dut, baina baita bakar-bakarrik lanean nagoenean ere.

Erraza al da artetik bizitzea?

Pertsona pribilegiatua sentitzen naiz, gustatzen zaidana egitetik bizi naizelako. Nire egoera, ordea, ez da ohikoena, ez ditudalako normalean izaten diren gastu handiak, hipoteka edo haurrak, esaterako. Gainera, iruditzen zait txorakeria dezente dagoela kotxe, furgoneta eta horrelakoen inguruan, baita arropa erosterakoan azken moda jarraitzean ere, jakinda esplotazio egoeran lan egiten dutela arropa horiek egiten dituzten langileak. Momentuz, artearekin eta sormenarekin lotutako jardueretatik bizi naiz; baratza dugu etxe ondoan, eta erosketa gehiegi ez dugu egiten. Trukea ere lantzen dugu lagunen eta bertako ekoizleen artean. Sare zabala daukat, eta oso pozik nago.

Lanbidea baino gehiago, bizimodua al da?

Bizi nahi dudan bizimodua da. Maiz, ez dut lantzat hartzen, eta askotan esan dezaket oporren sentsazio batean murgilduta bizi naizela. Sormena eguneroko elementua da nire bizitzan, eta bizi garen etxean, tailerrean eta sukaldean bizitza eta mugimendu handia egoten da. Ordu asko pasatzen ditugu bertan, eta lagun batek esaten duen bezala, kaosa eta poza nabari dira. Azken batean, gustuko lekuan, aldaparik ez. Egia da, batzuetan estresa kudeatu behar dudala, gauza asko egin nahi izaten ditudalako, eta gero erdi itota ibiltzen naiz. Guztia ez da arrosa kolorekoa, baina ezin naiteke kexa. Ondo bizi naiz.

Inoiz imajinatu al duzu zeure burua bulego batean edo tailer batean zortzi orduz lanean?

Nire ustez, lan errepikakorrek ez dute pertsona bezala garatzen laguntzen. Onena izango zara horretan, baina jakintza mugatzen da arlo bakar batetara. Horretarako bizi al gara? Ez al ditugu bizimodu eredu berriak nahi? Ez al dugu disfrutatu eta gauzak probatu nahi? Denok asteburua edo oporrak noiz iritsiko zain egoten gara. Jendea gustura al dago bulego eta tailerretan zortzi orduz beti lan bera eginez? Edo beldur gara gainontzekoek alfertzat hartuko gaituztelako... Hala ere, aitortu behar dut, tarteka, gustatzen zaidala horrelako lan bat egitea, ez pentsatzeko eta ardurarik ez izateko.

34 urte dituzu eta ibilbide luzea aurretik. Erronkarik jarri al diozu zeure buruari?

Urte hasierarekin betiko promesak. Ingurua pixka bat gehiago ezagutu nahi nuke. Pandemia aurretik, hilean behin Gipuzkoako herri bat bisitatzera joaten ginen, konturatu ginelako Gipuzkoan bizi ginela, baina ez genuela lurraldea ezagutzen. Aldiz, Asiaraino joanak ginen, etxetik gertu zer ikusia ere badagoenean. Hori dela eta, ingurua pixka bat gehiago ezagutu nahi nuke. Erronka hitza bera, ordea, ez dut oso positibotzat hartzen, eta antsietate puntua sortzen dit, lehia eta norgehiagoka kutsuak dituelako. Horrekin ez dut esan nahi erronkak txarrak direnik, baina uste dut bakarrik azaltzen zaizkidala, gutxien espero dudan unean.

DA proiektuak hainbat diziplina hartzen ditu. Artearekin lotuta, beste diziplina horiek sakonago lantzea gustatuko litzaizuke?

Buztinzulo Usurbilen dagoen zeramika gune bat da, eta gustatuko litzaidake berriz ere klaseetara joatea eta bertan ibiltzen diren emakumeekin batera ikastea. Usoa Zumetaren serigrafia tailerrean saltseatzen ere hasi nintzen; asko erakutsi zidan, eta gustatuko litzaidake horretan sakontzea. Naturan interbentzioak ere egin nahi nituzke, arte efimero gisa. Eta, altzariak zahar-berritzea gustatuko litzaidake; gauza zaharrak gustuko ditut, historia dutelako eta egur nobleekin eginda daudelako. Gainera, altzari horiek birziklatuta bigareen bizitza bat ematen zaie, erosi eta bota eredutik aldenduz.

Zer duzu amets?

Gutxirekin konformatzea, eta gustatzen zaidanaz bizitzeko aukera izatea; lasai bizitzea, alegia. Ahal den heinean, autogestioan oinarritutako eredu batean bizi nahiko nuke, eta pixkanaka ari naiz bide horretan urratsak ematen.  Ametsak partekatzea ere ondo legoke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!