Hiru eguneko egonaldian izena emateko epea ireki du Txurrumuskik

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 8a, 12:50
2022ko egonaldian Txurruka aterpetxean. (Txurrumuski)

Lehen Hezkuntza 3. eta 6. maila arteko haurrei zuzendutako egonaldia izango da, eta Txurruka aterpetxean egingo dute, martxoaren 17tik 19ra bitartean.

Txurrumuskik gaztetxoentzat egonaldia antolatu ohi du urtero, eta aurten martxoaren 17tik 19ra bitartean izango dela jakinarazi du elkarteak. Lehen Hezkuntza 3. eta 6. maila arteko haurrei zuzendua egongo da, eta dagoeneko ireki dute izena emateko epea.

Honako urratsak jarraitu behar dira egonaldian izena emateko:

Lehenik eta behin izen-emate orria bete behar dute gurasoek, otsailaren 12a baino lehen. Horretarako, ordea, aurretik erabaki behar da haurra bakarrik, binaka edo hirunaka inskribatu nahi den.  Taldean izena ematen dutenek, taldearen heldu arduraduna zehaztu beharko dute, eta hori izango da bikote zein hirukotearen izen-ematea betetzearen kargu egingo dena.

Izen-emate kopurua aterpetxeak eskaintzen dituen plaza kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da. Beharrezkoa izango balitz, otsailaren 14an, asteartean, egingo da lehen zozketa, eta gurasoekin harremanetan jarriko da Txurrumuski, bost eguneko epea izango dutelako ordainketa egiteko. Honako hau da kontu zenbakia: Laboral Kutxa ES29.3035.0182.18.1820021770.

Egonaldiaren prezioa 50 eurokoa izango da, eta ordainketa egiterakoan onarpen mezuan partekatuko zaien izena jarri beharko dute gurasoek kontzeptuan. Ordainketa epea errespetatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du elkarteak, epea betetzen ez bada, egonaldian parte hartzeko aukera galduko dutelako haurrek. Ordainketa epea pasatakoan, lekuren bat libre geratzen bada, itxaron zerrendakoekin harremanetan jarriko da elkartea. Itxaron zerrenda ere zozketa egunean zehaztuko dute.

Gurasoek izen-emate prozesuaren inguruan zalantzarik badute, txurrumuski@txurrumuski.org helbide elektronikora idatzi dezakete edo 666 19 43 68 telefono zenbakira deitu.
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!