Sara Peña oriotarra nagusi, Kobaz Koba Traileko proba luzean

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 12a, 15:52

Kobaz Koba Trail mendi lasterketa jokatu dute gaur Zestoan. Proba luzean, emakumezkoen kategorian lortu du garaipena Sara Peña oriotarrak. 2:40:40ko denborarekin eskuratu du lehen postua.

Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren zazpigarren edizioa jokatu dute gaur Zestoan. Ohi bezala, bi ibilbide izan dituzte aukeran parte hartzaileek: 15 kilometroko Artzei bidea eta 26 kilometroko Zaldei bidea. Proba laburrean, Dani Lopez gasteiztarra (1:11:25) eta Ainara Urrutia aretxabaletarra nagusitu dira (1:21:31); azken horrek bigarren aldiz jarraian irabazi du lasterketa. Proba luzean, bestalde, Iñigo Uribeetxebarria (2:13:46) lepazpiarrak lehen aldiz eskuratu du garaipena, baita Sara Peña oriotarrak (2:40:40) ere.

Guztira, 600 korrikalarik parte hartu dute Kobaz Koba Trail lasterketan; 300ek proba laburrean eta beste 300ek luzean. Eguraldi ederra egin du, eta parte hartzaileek ez ezik, ikusleek ere eskertu dute hori; izan ere, jende ugari bertaratu da lasterketa ikustera ibilbideko hainbat gunetara. Urteroko gisan, Arazi IKTk eta Agiro mendi klubak antolatu dute lasterketa, eta 120 horiek boluntarioren laguntza izan dute probak eskatzen zituen eginkizunei aurre egiteko.

Hona hemen aurreneko postuetan sailkatu direnen izenak eta denborak:

Artzei bidea:

-Gizonak:

1. Dani Lopez de Mendiguren: 1:11:25

2. Beñat Ibañez: 1:11:54

3. Iosu Elola: 1:12:27

-Emakumeak:

1. Ainara Urrutia: 1:21:31

2. Irati Larrañaga: 1:26:26

3. Ane Elzaurdia: 1:26:31

Zaldei bidea:

-Gizonak:

1. Iñigo Uribeetxebarria: 2:13:46

2. Asier Rajado: 2:15:50

3. Hodei Lujanbio: 2:16:09

-Emakumeak:

1. Sara Peña: 2:40:40

2. Larraitz Aragon: 2:45:19

3. Tanit Perez de Lezeta: 02:53:01

Kirolprobak.com atarian ikus daitezke bi probetako sailkapenak osorik.