Orioko emakumezkoen traineruak Sestaoko jaitsiera irabazi du asteburuan

Andrea Zipitria eta Aiora LarraƱaga 2023ko ots. 13a, 09:19

Emakumezkoen senior taldea.

Julian Enrikeren oroimenezko traineru jaitsieran, Hondarribia izan zen azkarrena gizonezkoen estropadan, eta hirugarren sailkatu zen Orioko taldea. Gipuzkoako Aulki Mugikorreko 4. jardunaldian, berriz, Legution izan ziren Orio Arraun Elkarteko gaztetxoen 21 ontzi. Sei ontzik beren kategorian denborarik onena egitea lortu zuten, hiru ontzi bigarren postuan sailkatu ziren eta ontzi bat hirugarren postuan.

 

Emaitza onak lortu ditu asteburuan Orio Arraunketa Elkarteak. Senior mailako traineruek Julian Enrikeren oroimenezko traineru jaitsiera parte hartu zuten atzo, eta emakumezkoen taldeak garaipena lortu zuen. Oriotarrak (15:02,18) nabarmen nagusitu ziren estropadan, bigarren sailkatu zen Hondarribiari 29 segundoko aldea aterata. Gizonezkoen estropadan, berriz, Hondarribia (20:55,53) izan zen azkarrena, eta hirugarren sailkatu zen Orioko taldea (21:20,27).

Bestalde, Orio Arraun Elkarteko gazteek Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako 4. jardunaldia jokatu zuten atzo, Legution. Guztira, 21 ontzi eta 68 arraunlari aurkeztu zituen txapelketara elkarteak, kadete eta infantil mailakoak, eta emaitza onak lortu dituzte gazteek: Sei ontzik beren kategorian denborarik onena egitea lortu zuten, hiru ontzi bigarren postuan sailkatu ziren eta ontzi bat hirugarren postuan.