Orion jokatuko da Espainiako Arraun-Ergometro Txapelketa

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 14a, 15:12
Espainiako ergometro selekzioko kide izateko sailkapen proba Galizian. (Espainiako Arraunketa Federazioa)

Martxoaren 4an eta 5ean izango da areto arraunketa hitzordua, eta izen-ematea zabalik dagoela jakinarazi du Espainiako Arraunketa Federazioak.

Martxoaren hasieran, Orioko Karela kiroldegiak Espainiako Arraun-ergometro Txapelketa eta  V. Areto Arraun Opena hartuko ditu. Martxoaren 4an eta 5ean jokatuko dira, Orioko Udalaren laguntzarekin, Espainiako eta Euskadiko federazioek eta Orio Arraunketa Elkarteak antolatu dituzten areto-arraunketa hitzorduak. Izen-emateak zabalik daudela jakinarazi du Espainiako federazioak.

Txapelketa ofizialean, federatutako arraunlariek soilik parte hartu dezakete, eta otsailaren 26ko 23:55ak arte izango dute izena emateko epea zabalik; inskripzioa arraun elkarteen bitartez egin beharko dute, online. Txapelketa bederatzi kategoriatan banatu dute, eta horietako bakoitzean gizon eta emakumeen ataletan bereizi dituzte: alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak, 23 azpiko maila, pisu arinak, absolutu maila, arraunketa egokitua eta beteranoak.

V. Areto Arraun Openean, berriz, federatuek zein federatu gabeek parte hartu dezakete, eta txapelketa horretan arraunean egin nahi dutenek interneten eman behar dute izena. Hemen ere txapelketa ofizialeko kategoria berberak egongo dira, eta izen-ematea otsailaren 27ko 23:55ak arte izango da irekita.

Bi txapelketen inguruko informazio zehatza Espainiako Arraunketa Federazioaren atarian dago eskuragarri.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!