Mikel Unanue: "Harrobiko lana da gustatzen zaidana"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 18a, 09:26

Mikel Unanue, entrenatzen dituen gazteak atzean dituela. (Balonmano Amibal Toledo)

Otsaileko aldizkarian, Mikel Unanue eskubaloi jokalari ohia eta entrenatzailea elkarrizketatu du KARKARAk. Toledon [Gaztela-Mantxa, Espainia] eskubaloia sustatzeko egiten duen lana izan du hizpide.

Mikel Unanue Arregik (Orio, 1983) gaztetan erabaki zuen bizimodua eskubaloiaren bueltan eraikitzea. Eskubaloi jokalari profesionala izan zen aurrena, eta Toledoko (Gaztela-Mantxa, Espainia) Amibal klubeko kudeatzailea eta presidentea izateko aukera suertatu zitzaion gero.

Amibal Toledo klubeko presidentea eta kudeatzailea zara. Nola iritsi zinen horretara?

25 urterekin Toledora etorri nintzen bigarren mailako talde batek fitxatuta. Bi urterako proiektua eskaini zidaten, taldea mailaz igotzeko. Hemen ezagutu nuen emaztea, eta hainbat urtez batetik bestera ibili ginen. 30 urte nituenean, ordea, Toledon bertan lan aukera on bat eskaini zioten bikoteari, eta nik erabaki nuen orduan 2. B mailan jokatzen zuen Balonmano Amibal Toledo taldera etortzea; Gonzalo Perez de Vargas Espainiako selekzioko atezaina, esaterako, klub horretatik atera zen. Urte horietan, ordea, beheraldia bizitzen ari zen kluba, eta senior mailako taldean jokatzea eta beste bi talderen ardura hartzea eskaini zidaten. Aurrerago, proiektu osoaren gidaritza eta kudeaketa nik hartzea proposatu zidaten. Horrela hasi nintzen eskubaloia Toledon sustatzen. Orain dela bost urte hartu nuen klubaren ardura hamabi alebinekin eta talde seniorrarekin, eta gaur egun, Toledoko Amibal Kluba eta Olias del Rey herrian sortu duguna gidatzen ditut. Bi eskoletan, DBH 4. mailara arteko 300 jokalari inguru ditugu, eta horrez gain, jubenil eta senior mailako mutilen taldeak ere bai. Gainera, Espainiako Eskubaloi Federazioan lan egiten dut, gazteei bideratutako proiektuak diseinatzen, eta Promesa mailako Espainiako Selekzioaren talde teknikoko kidea ere banaiz.

Harrobiari lotutako lana atsegin duzu, beraz.

Bai, niri harrobiko lana da gustatzen zaidana. Iruñeko Anaitasuna taldean nenbilenean asko ikasi nuen, eta eredugarria iruditzen zait bertan harrobia lantzeko modua: gakoa da piramideak oinarri sendo bat izatea. Ni ere horretan saiatzen naiz Amibal Toledo klubean. Kudeaketa osoaren ardura daukat, eta harrobiko entrenatzaileen arduraduna ere banaiz, baina senior mailako taldea beste entrenatzaile batek gidatzen du. Izan ere, niri jokalari gazteek nola eboluzionatzen duten ikustea gustatzen zait: neska-mutilak kirolari gisa nola hazten diren eta konpromisoa eta balioak nola hartzen dituzten ikustea. 

Ikusi dut zuen klubaren bigarren izenburua Balioen Eskola dela.

Pertsona eta kirolari bezala hezten ditugu gaztetxoak eskubaloiaren bidez, eta engantxatu egiten dira. Gure helburu nagusia beti da ikasketak eta eskubaloia bateragarriak izatea, eta norbaitek eskolan emaitza txarrak ateratzen baditu, gurasoei azaltzen diegu irtenbidea ez dela haurrei eskubaloia kentzea eta etxean makinitarekin zigortuta uztea. Zigorrak izan behar du nota txarrak atera dituelako partida jokatu gabe, aulkian eserita egotea.

Orain, nesken artean eskubaloia eta kirola sustatu nahian gabiltza. Ni iritsi nintzenean Toledon talde kirol gutxi egiten zuten neskek, eta urte hauetan guztietan lortu dugu kimu, infantil eta kadete mailako neska talde bana osatzea.  

Ari zara, beraz, Toledon gaztetxoen mailan kirola sustatzeko urratsak ematen?

Bai, horretan saiatzen naiz, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugula uste dut. Izurritearen aurretik, Toledoko Diputazioak antolatzen duen Kirol Galan aitortza egin zidaten, lurraldean harrobiko eskubaloia sustatzeko egindako lanagatik. Inguruko herri askotatik deitzen didate gure proiektua bertan martxan jarri nahi dutela esanez, baina ez naiz iristen. Hemen eskubaloia ez da Euskal Herrian bezain ezaguna, eta ez daude harrobia lantzeko prestatutako entrenatzaileak. Horregatik, entrenatzaile izateko formatzen ditugu jokalari gazteak. Aurten, esaterako, gure taldeko jubenil mailako hiru jokalarik lehen mailako entrenatzaile titulua atera dute, eta kimu mailako taldeak entrenatzen ari dira, nire gidaritzapean.  

Euskal Herrikoarekin alderatuta, harrobia lantzeko modua desberdina al da Toledon?

Ez dute zerikusirik. Euskal Herrian gaztetxoen mailako kirola oso ondo egituratuta dago. Alde batetik, ikastetxeen bitartez sustatzen den Eskola Kirola dago, eta bertan haurrek kirol desberdinak ezagutzeko aukera dute. Bestetik, kirol elkarteek eskolak ere badituzue, eta horietan gustatzen zaien kirolean sakontzeko aukera dute umeek, gero nagusiagoak direnean lehiatzen hasteko; ligak eta txapelketak ere oso ondo antolatuta daude. Hemen, berriz, ez dago horrelako ezer.

Gu Toledora bizitzera etorri ginenean krisi garaian bete-betean murgilduta geunden, eta bi aukera nituen: atzerrira joatea eskubaloian jokatzera, edo hemen eskubaloia sustatzeko proiektu berria abiatzea. Eta bigarrenaren aldeko apustua egin nuen. Hasiera batean, erabaki ausarta zirudien, lurraldean oso eskubaloi klub gutxi zegoelako. Hala ere, nik jakin banekien umetan futbolean gozatzeko hankarekin oso ona izan behar bada ere, eskubaloian baloia eskuarekin pasatzeko gaitasuna ia haur guztiek dutela. Seguru nengoen gaztetxoen artean eskubaloia zabaltzea lortuko nuela, eta apustu sendoa egin nuen. Emazteari esan nion ahalegina egin nahi nuela, eta lau urteko epea jarri nuen. Hasieran, gogorra izan zen: eskoletara joaten nintzen eskubaloia erakustera, ikastetxe bakoitzari bere koloreko elastikoak ateratzen nizkion eta eskola arteko txapelketak antolatzen nituen; dena musu-truk. Lehen esan dudan bezala, hemen ez dago Eskola Kirolik eta eskolen arteko txapelketarik. Haurren kirolaren inguruko kultura desberdina dute; klubetatik bideratzen da, eta negozioa egiten saiatzen dira asko.

Zeu haurra zinenetik asko aldatu al da eskubaloia erakusteko modua?

Aldatu da, batez ere eskubaloiak eboluzio handia jasan duelako. Lehen partidetan 20-25 gol artean sartzen zituen talde bakoitzak partidako, eta orain 30etik behera oso partida gutxi izaten dira. Kirolak berak azkartasuna irabazi du; oso azkar jokatzen da, gol asko sartzen dira, eta horrek erakargarria egiten du eskubaloia. Zenbat eta tanto gehiago egin, orduan eta ikusgarriagoa bihurtzen da partida. Horrek ekarri du entrenatzeko modua aldatzea.

Guk gazte mailan lan egiten dugun bezala, talde gutxik lantzen dute eskubaloia. Alde batetik, gustatzen zait jokalariei azaltzea zergatik edo zer lortzeko egiten dugun ariketa bakoitza. Bestetik, garrantzi handia ematen diot errepikapen kopuruari, uste baitut zerbait 30 aldiz eginda bost aldiz eginda baino hobeto ikasten dela. Hori bai, beti, zergatik egiten dugun azalduz eta partida jokatzen ari garenean ariketa horrek zertan lagunduko digun adieraziz. Entrenamenduetan xehetasunetan arreta jartzen saiatzen naiz, eta jokalariren batek gola sartu arren, exekuzioa gaizki egina badago, zuzendu egiten diot, gazte mailan ikastea eta hobetzea delako helburua.

Zorrotza zara, beraz?

Oso zorrotza naiz, eta bikaintasuna aurkitzen saiatzen naiz. Izan ere, eskubaloian jokatzen nuenean, zentrala nintzen, eta ni baino askoz handiagoak ziren jokalarien aurrean aritzen nintzen; haiek gainditzeko azkartasuna eta teknika ona oso garrantzitsuak dira.

Entrenatzaile erreferenterik ba al duzu?

Aita izan dut kirol arloan izan dudan erreferenterik garrantzitsuena eta gehien lagundu didana: Ramon Unanue. Bere garairako oso aurreratua izan zen; gaur egun egiten diren gauzak duela 30 urte egiten zituen. Atletismo entrenatzaile titulu nazionala zuen, eta hark esaten zidan atletismoa zela gainontzeko kirolen oinarria. Berak jartzen zizkidan gaur egun egiten diren errekuperazio eta zainketa entrenamenduak, eta uste dut horregatik ez dudala lesio larririk izan nire kirolari ibilbidean. Nire anaia ere garrantzitsua izan da niretzat kirol arloan; bera izan zen eskubaloian jokatzen hasi zena Usurbilen, eta haren urratsak jarraitu nituen. Orain, Orio Eragin Klubeko senior mailako nesken entrenatzailea da. 

Eta eskubaloian?

Zazpi urtez jokatu nuen nik Eibarren, eta han Viktor Debre hungariarra izan nuen entrenatzaile; hark markatu egin ninduen. Horrez gain, Jordi Ribera entrenatzaile nazionala ere erreferente garrantzitsua da niretzat. Asko daki, eta ikuspuntu berezia du; besteek jokaldi soil bat ikusten duten tokian, Riberak jokaldi horren alderdi positiboa eta taldearen jokoan izan dezakeen eragina ikusten ditu; lau xehetasunekin errendimendua hobetzeko pistak ematen ditu. Horrez gain, Espainiako goi mailako beste entrenatzaileak ere jarraitzen ditut. Kontuan hartu behar da Munduko Txapelketan parte hartzen duten selekzioetatik seik entrenatzaile espainiarra dutela, eta beste asko atzerriko taldeak gidatzen ari direla. Izan ere, Espainia mailan garrantzia ematen zaio teknikari eta taktikari, eta beste hainbat herrialdetan alderdi fisikoa gailentzen da. 

Nola ikusten duzu eskubaloia Orion?

Ezusteko ona izan da niretzat eskubaloiak herrian hartu duen indarra, eta harro nago Orio Eragin Kluba eskubaloia sustatzeko egiten ari den lanaz. Espainiako Eskubaloi Selekziotik jarraitzen ditugu herriko hainbat jokalari, Euskadiko Selekzioarekin aritzen direnak nagusiki, eta Toledon bizi banaiz ere, gertutik jarraitzen dut herriko eskubaloia. Lan bikaina egiten ari dira.