Pepa Bojo: "Ahalduntze eskolan lanketa egiteak on egiten die emakumeei"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 17a, 12:07

Pepa Bojo (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1962) psikoterapeutak ikerketa lana egin du osasunaren eta ahalduntzearen arteko harremana ezagutzeko. Gipuzkoako zortzi ahalduntze eskoletan egin du lanketa, eta eskualdeko hainbat emakumek parte hartu dute.

Ikerketa lana egin duzu Gipuzkoako hainbat ahalduntze eskoletan. Zein izan da atera duzun ondorio nagusia?

Nire ustez, ikerketa lanean argi geratu da emakumeen ahalduntze eskolek aldaketak eragiten dituztela bertan parte hartzen duten emakumeen osasunean eta gune horiek harreman parekideagoak sortzeko bidea irekitzen ari direla. Norbanako gisa ez ezik, modu kolektiboan ere eraldaketak gertatzen ari dira, emakumeak kontzientzia feminista hartzen ari direlako eta euren bizitzako esparru guztietan eragiteko modua aldatzen ari delako.

Nola egin duzu ikerketa lana?

Guztira, 115 emakumek parte hartu dute lanean, eta zortzi herritako ahalduntze eskoletan egin dut ikerketa, tartean Azpeitian eta Zarautzen. Elkarren artean desberdinak dira herriak, eta ahalduntze eskola bakoitzak ibilbide desberdina du. Elkarrizketatu ditudan emakume batzuk hasiberriak dira ahalduntze eskolan, eta beste batzuek, aldiz, urteak daramatzate. Alde batetik, galdetegi bat prestatu nuen, nagusiki bi aspektu ezagutzeko: emakumeek zergatik parte hartzen duten ahalduntze eskolako ikastaroetan, eta ahalduntze prozesu horretan aldaketarik antzeman ote duten beren ongizatean. Horrez gain, talde dinamiketan partaideek egin zituzten aipamenetan ere jarri nuen arreta ikerketa osatzeko.

Horregatik, garrantzitsua da argi uztea ondorio horiek ezin ditugula orokortu. Ahalduntze eskoletan edo emakumeen etxeetan parte hartzen duten emakumeei dagozkie; ez dute balio emakume guztien egoera azaltzeko. Horrez gain, esan behar da azterketan parte hartu zuten emakume gehienak Euskal Herrian jaioak direla edo haurrak zirenetik bertan gizarteratu direla. Uste dut, emakume etorkinen talde bat ikertuko bagenu, ondorioak desberdinak izango liratekeela, horiek bizi duten errealitatea desberdina delako. 

Ahalduntze eskolara joaten direnek kontzientzia feministagatik hartzen al dute erabakia?

Batzuek bai, baina gutxi batzuek. Ikerketa egiterakoan, emakumeei galdetu nien zerk motibatu zituen ahalduntze lantegietan parte hartzera, eta askotariko erantzunak jaso nituen. Zenbait parte hartzailek adierazi zuten beste emakume batzuekin egoteko eta harreman berriak egiteko helburuarekin joaten zirela ahalduntze eskolara. Dena dela, askok, emakumeen %40k, esan zuten osasunagatik joaten zirela: depresioa, antsietatea, autoestimu falta eta alderdi emozionalean sentitzen zuten ondoeza lantzeko. Ez zen ezustekoa izan, banekielako emakumeak emozionalki nahiko kaltetuta joaten zirela ahalduntze eskolara; adinean aurrera doazen heinean, gero eta gehiago, gainera. Ahalduntze eskolan lanketa eginez, berriz, lasaiago sentitzen dira, eta nabari da horrek on egiten diela. Ildo horretan, garrantzitsua litzateke pertsonen ongizatearen bueltan lan egiten duten eragileek eta erakundeek ere baliabide gisa ulertzea emakumeen etxeetan egiten den lana, emakumeen osasunean eragin positiboa izaten duelako. 

Emakumeen etxeetan eskaintzen dituzun lantegietan eta jardueretan, alderdi emozionala lantzea izaten al da zure helburu nagusia?

Bai, lantegietan ahalduntze psikologikoa jorratzen dut emakumeekin: autoestimua, komunikazioa, emozioen kudeaketa, dolua eta maitasun erlazioak, besteak beste. Osasun emozionala lantzen dugu nagusiki. Ez da batere prozesu erraza. Emakume gazteek interesatzen zaizkien gaien inguruko lantegi jakin batzuetan parte hartu ohi dute, baina beste emakume batzuk ahalduntze prozesua egiteko asmoz joaten dira. Prozesu luzea izaten da, batez ere, eredu zurrunen arabera gizarteratuta dauden adineko emakumeen kasuan. Gainera, emakumeak beren espazioa eta denbora aldarrikatzen hasten direnean, harremanetan eragina izaten du horrek, etxeko dinamikak aldatu egiten direlako. Harreman horiek berriz negoziatu behar izaten dituzte, bikotekidearekin akordio berriak eginez; beraz, familia osoari eragiten dion prozesua izan ohi da. Ez dago bide edo formula bakar bat. Emakume bakoitzak bere prozesua jarraitzen du; batek helburu batzuk izango ditu, eta beste batek gehiago sakondu nahiko du. 

Emakumearen rol tradizionalak ba al du pisurik oraindik?

Euskal Herrian, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira gizartean, eta parekidetasun kontzientzia badago. Hala ere, desberdintasunak antzematen dira emakumeen artean, genero rolek desberdin pisatzen dietelako adinekoei eta gazteei. Antzeman dut, esaterako, 35-50 urte inguruko emakumeak hainbat arlotan harrapatuta sentitzen direla. Zaintza da horren adibidea. Badakite emakumeen gain dagoela ardura hori nagusiki, baina ez dute jakiten nola aldatu egoera; gainera, zaintzaren ardurak dakarren karga mentalak ere asko eragiten die. Neska gazteen artean, berriz, edertasun ereduak pisu handia du, eta horrek autoestimuan eragiten die. Askotan, autoestimua kanpoko norbaitek indartzea ere bilatzen dugu.

Bikote harremanetan ere jarri duzu arreta ikerketan.

Bai, maitasun erromantikoaren idealizazioa oraindik bizi-bizirik dagoelako. Uste izan da bikote harremanak heterosexuala izan behar duela, bizitza guztirako eta baldintzarik gabea, eta horrek eragin zuzena du emakumeek bikote harremanean hartzen duten rolean. Emakumeoi geure buruaz ahaztuta eta bestearen nahien arabera maitatzen irakasten digute, bestearekiko erabateko prestutasuna izanez. Normaltzat hartzen da maite dugun pertsona bizitzaren ardatza bihurtzea, bizitzari zentzua ematen diona izango balitz bezala. Clara Coria feministak oso ondo azaltzen du emakumeen rol hori; hark dio emakumea bestearen desiraren satelitea bihurtzen dela. Baldintzarik gabe, bestearentzako beti prest egon beharrak oraindik ere pisua du bikote harremanetan.

Ahalduntze lantegietan, emakume rol tradizionalaren arabera barneratu ditugun mezu eta joerak identifikatzen saiatzen gara; horien inguruan hausnartzen dugu, eta berriak ikasten ditugu. Hasiera batean, gizarte parekide batean bizi garela badirudi ere, oraindik lan asko geratzen da egiteko.

Etorkizun hurbilean, zein uste duzu direla emakumeen ahalduntze eskolen erronkak?

Oso interesgarria litzateke ezaugarri desberdinak dituzten emakumeak harremantzea, elkar aberats daitezen; gazteen eta adinekoen arteko zubiak eraikitzea, adibidez. Emakume etorkinen parte hartzea ere sustatu nahi dute emakumeen etxe askotan; batzuetan badaude emakume migranteez soilik osatutako taldeak, baina talde mistoak sortzea erronka garrantzitsua litzateke, aurreiritziak gainditzeko eta beste emakume batzuen errealitatea ezagutzeko aukera emango lukeelako. Bestetik, aniztasun funtzionala duten emakumeekin ahalduntze lanketak egitea ere oso aberasgarria izango litzateke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!