Digitalizazioari eta iraunkortasunari buruzko ikastaroak eskainiko ditu UKUEk

Mireia Galarza Bastida 2023ko ots. 19a, 10:30

Lehenengo ikastaroa martxoan izango da, eta bigarrena iraila eta urria bitartean, biak merkataritza eta zerbitzu sektoreko profesionalak digitalizazio zein iraunkortasunaren alorretan trebatzeko. Izen-ematea irekita dago jada.

Gizartearen digitalizazio prozesua eta iraunkortasunaren aldeko apustuak "nabarmenak" direla argudiatuta, Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, eskualdeko profesionalei zuzenduriko trebakuntza eta formakuntza eskaintza diseinatu du. 

Zehazki, bi ikastaro eskainiko ditu, bata martxoan eta bigarrena iraila eta urria bitartean, biak merkataritza eta zerbitzu sektoreko profesionalak digitalizazio zein iraunkortasunaren alorretan trebatzeko.

Lehen trebakuntza ikastaroa martxoaren 6an hasi eta 29an amaituko da. Ikastaro honek digitalizazioa izango du ardatz eta saltokien online eta offline esperientzien konbinazioa izango ditu oinarri. Hortik abiatuta, ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei bi espazio horietan elkarbizi dezaketen edukiak sortzen laguntzea eta horretarako beharrezkoak diren erremintak eskaintzea.

Irailean eskainiko dute zikloaren bigarren txanda, kasu honetan, enpresentzako iraunkortasun tekniketan oinarrituta, eta helburu izango du parte hartzaileei ekintza iraunkor nagusien azterketa eta analisia egiteko ezagutza eta trebetasunak ematea, elementu bereizle gisa. 

Izen-ematea, irekita

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, mezu bat bidali beharko dute enpresa@urolakosta.eus helbidera ondorengo datuak zehaztuz: NAN zenbakia, enpresaren izena, harremanetarako pertsonaren izen-abizenak, posta elektronikoa, telefono zenbakia eta intereseko ikastaroak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!