Orioko korrikalariek "emaitza bikainak" lortu dituzte Euskadiko Atletismo Txapelketan

Karkara 2023ko ots. 20a, 16:17

Euskadiko Txapelketan emaitzak onak lortu dituzte Orioko Atletismo Taldeko kideek. (Orioko Atletismo Taldea)

Urrezko hiru domina eta zilarrezko eta brontzezko bana irabazi dituzte asteburuan Kamel Ziani Atletismo Taldeko korrikalariek, Euskadiko Txapelketan. Halaber, bi kidek Espainiako txapelketara joateko txartela lortu dute; eta beste hiruk aukera zabalik dute oraindik.

Pasa den asteburuan, Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zen Donostiako belodromoan. Kamel Ziani Atletismo Taldeko korrikalari gaztetxoak han izan ziren, eta "emaitza bikainak" lortuta itzuli ziren etxera, taldeko arduradunen esanetan. Izan ere, urrezko hiru domina, eta zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi zituzten.

Sunahi Huegun txapeldun izan zen 800 metroko txapelketan, eta gainera, 1992an Javier Saavedrak egindako Gipuzkoako errekorra hautsi zuen. Martin Iriondo ere ez zen atzean gelditu. 1.500 metroko lasterketa irabazteaz gain, Euskadiko errekorra lortu zuen. Bi horiek, beraz, Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortu dutela azaldu dute elkartetik.

Bestalde, Ibai Agirrezabal bigarren eta hirugarren postua sailkatu zen 400 eta 200 metroko lasterketetan. Eta Xabat Elortza, berriz, txapeldunordea izan zen, 1.500 metroko lasterketan.

Orioko atletismo taldetik jakinarazi dutenez, Lucia Paradak (400 metro), Ibai Agirrezabalek (400 metro) eta Xabat Elortzak (1.500 metro) Espainiako txapelketan jokatzeko aukera zabalik dute. Federazioak, ordea, oraindik ez du ezarri bertan parte hartuko duten korrikalari kopurua zenbatekoa izango den; beraz, erabaki horren zain daude, Espainiako Txapelketan parte hartuko duten ala ez ezagutzeko.